XIII. eta XIV. mendeetako eliza. Oin laukizuzena du, lau tarte, eta abside erdizirkularra.

Gaur egun, desakralizatua dago. Ez dauka barnealdean arte erlijiosorik batere. Izan ere, Kristo gotiko bat, Erdi Aroko bataiarria eta Santa Engraziaren XVI. mendeko irudia eliza berrian daude orain.

2017an, herri zaharraren inguruak urbanizatzeko lanak bukatu ziren. Eliza bertan dago.

Eliza honek XIII. mendeko eraikuntza erlijiosoen berezko ezaugarriak ere baditu. Baina badu estilo nahasketa bitxirik. Haien artean, leihoa, ataria eta beste gauza batzuk dira nabarmentzekoak, gotiko aurreratuari jarraiki eginak baitaude, eta beharbada, XIV. mendekoak izan daitezke.

Horrez gain, Sarrigurengo eliza honek ere badu bestelako berezitasunik, absidea erdizirkularra baita. Lehenago, nabearen estalkia kanoi-ganga zorrotza zen, parpain-arkuz osatua. Gaur egun, parpain-arku bakarra dago, koroari eusten dion huraxe, hain zuzen.

Ebanjelioaren aldeko armarri bitxia ere aipatu behar da, XVIII. mendekoa, zurezkoa eta margotua. Besteak beste, Erronkaribarko armak ageri dira. Horrek gogora ekartzen digu Erronkaribarrek eragina izan zuela Eguesibarko eraikuntza erlijioso batzuen gainean. Epistolaren aldean, gainera, hilobi-harri bat dago, eta nekez bada ere, oraindik hauxe irakur daiteke: “Esta sepultura de Xancho de Nabarra… “.