Eguesibarko udalak funtsezkoa ikusten du basoak modu zentzudun eta jasangarrian kudeatzea.
Gure baso eta mendiek funtsezko zeregina dute, CO2 gasaren isurbide eginkizuna baitute eta horrek mundu mailan negutegi efektuaren eragina murriztu egiten du. Ildo horretatik, Udal honek ezinbestekotzat jotzen du eremu horiek babestu eta kudeatzea, eta horretarako etorkizuneko jarduketetarako jarraibideak finkatzea. Jakina, jarraibide horiek ingurune honen kudeaketa egokia bermatu beharko dute; alegia, eremu honen naturaltasuna areagotzeaz gain, mendiei tradizionalki eman zaizkien erabilerekin bateragarriak izan beharko dira (hala nola baso lanekin edo abeltzaintza, ehiza eta aisialdikoekin).
Nafarroako Baso Planak nabarmentzen duen moduan, mendiak nafarren ondarearen funtsezko atal bat dira; aurreko belaunaldiek guri utzi eta gure ondorengoek jasoko duten jaraunspenaren zati bat. Foru Erkidegoaren azaleraren %55 hartzen dute. Beraz, ondasun ekonomiko eta ekologikoa direnez gero, babestu egin behar dira, alferrik xahutu ez daitezen; eta era berean, kudeatu egin behar dira gaur egungo gizarteak eskatzen dituen irabazkin material, espiritual eta ingurumenari lotutakoak ekoitz ditzan. Halaber, ezinbestekoa da basoetan inbertsio berriak egitea etorkizunean baso gehiago eta kalitate hobeagokoak izan ditzagun eta ondorengo belaunaldiek haiek erabili eta gozatu ahal izateko.
ONDARE ETA KULTUR BALIABIDEA
Erakunde honen ustez, baso pasaia jada ez da gizakiaren jardueraren atze-oihal huts bat; aitzitik, ondarezko baliabide eta kultur ondare bihurtu da; arrazoiz babestu eta kudeatu beharreko ondare bat, bereziki gurea bezalako ibar batean, populazio aldetik Nafarroako hirigune handienengandik oso hurbil baitago.
Era berean, garrantzitsua da baso ingurunea globalki kudeatzea, Eguesibarko Udalaren eta ibarreko kontzejuen artean. Ildo horretatik, Nafarroako Mendi Sailari eskatu egin zaio Eguesibarko herri basoei dagokien Antolamendurako Plana prestatzeko (sail hori baita horretarako eskumena duena).
Esparru honetan egingo diren jardunbideak izaera berezia dute denbora aldetik. Izan ere, beste jarduketa batzuen kasuan ez bezala, dokumentu honetan jasotakoek ez dute berehalako eraginik sortuko; aitzitik, dokumentu honek kudeaketari dagozkion ildo batzuk finkatuko ditu epe luzerako, eremu honetako jarduketak ez baitira berehalakoak izaten (ikusi basoberritzeen adibidea). Bestalde, ildo horiek ibarreko kontzejuek onetsi beharko dituzte, lursailen kudeatzaile diren heinean.
HELBURUAK
Baso estrategia honen helburuak, bai eta Nafarroako Baso Planarenak ere, hauek dira:
- Natur ingurunea eta basoetako egoera ekologikoa babestu eta hobetzea.
- Baso zoruen emankortasuna babestea, eta beharrezkoa bada, suspertzea, eta era berean zoruen higadura ekiditea.
- Eguesibarko baso azaleran dauden zuhaitzak babestea, ahal dela nekazaritza eta basogintzaren mosaikoa mantenduz, abeltzaintza jarduera tradizionalei eusteko, batetik, eta Eguesibarko mendietako bioaniztasunari eutsi eta berau sendotzeko bestetik.
- Mendien aprobetxamendu antolatua arautu eta areagotzea, lehengai berriztagarriak baitira, eta aldi berean natura ingurunea babestea.
- Kontzejuen artean lankidetza sustatzea, baso lurren defentsaren eta babesaren alde egiteko.
- Basoek atsedenleku eta aisialdirako duten erabilera sustatu eta arautu (ehiza eta estetikaren hobekuntza).
Eguesibarko Udalak eremu horiek herritar guztien ondare kultural eta naturaltzat dituenez gero, dokumentu honen eraketan arituko diren guztien parte hartzea lortu nahi du, baita herritarrena ere. Eta behin estrategia definitu eta gero, helburu nagusia hauxe izango da: herritar guztiek dokumentu hau bete dadin eskatu eta exijitzeko eskubidea izatea.