Ibirikuko San Joan Bataiatzailea
Ondarea
Eliza XIII. mendekoa da, 1588an aldatua. Oinplano laukizuzena du, hiru tarte desberdin eta burualde zuzena.
Elizaren atzealdean aparkaleku irisgarriago bat dago, herritik Etxalatz aldera doan irteeratik sartzen dena.
Ibirikuko biztanleek, Elkanoko eta Egueskoekin batera, urtero berritzen dute San Pedro Martiria ohoratzeko ohitura, apirilaren azken igandean. Ohitura horrek 500 urte baino gehiagoko historia du, izurrite batek alorrak suntsitu ondoren santuarengana babes eske jo zutenetik.
Ibirikuko San Joan Bataiatzailearen elizak bi arkitektura-estilo uztartzen ditu. Ibarreko beste eliza askotan bezala, hemen ere argi bereizten dira XIII. mendeko jatorrizko eraikuntza eta XVI. mendeko berrikuntza, Migel Altuna maisuak zuzendua, 1588 inguruan 2.200 dukatetan tasatua.
Nabeak hiru tarte ditu, guztiak ere egikera desberdinekoak eta Erdi Arokoak. Alboetako kaperak eta burualde zuzena, berriz, XVI. mendeko berrikuntzaren ondorio dira.
Kanpoaldean nabarmen ageri dira berrikuntza-lanetan erabilitako material ezberdinak; horrek multzoari ikusgarritasun pixka bat kentzen badio ere, eraikuntza-fase desberdinen adibide argia da.
Gauzarik interesgarrienak
- 1545eko korua, arku beheratuaren gainean, nerbiodura gotikoekin.
- XVI. mendeko gurutziltzatu errenazentista.
- Erretaula nagusi manierista, XVII. mendekoa.
- Bataiarriko ontzia hiru zatitan banatua.
- Hilarri grabatua.
- 1707ko ur bedeinkatuko harria, karratua eta bitxia.
- Bi sagrario: barrokoa eta XIX. mendekoa.
- XVII. mendeko mihisea.
- XIX. mendeko piezak: kaliza, zilarrezko kopoia eta krisma-ontziak.
- Ekisaindua eta erlikia-ontzia, metalezkoak eta berantiarrak.
- XVIII. mendeko apezpiku baten tailua.
1568ko parrokia-gurutzea galdua dago.
Barnealdean elizaren maketa bat gordetzen da, ziurrenik auzokideren batek egina.






