GORRAITZEN AURKEZTU DIRA EUSKAL HERRIKO 2019KO ITZULIAK NAFARROAN IZANEN DITUEN ETAPAK

 Hemen: Alkatetza, Kirola, Toki Garapena eta Enplegua

Apirilaren 1ean, Gorraizko Hotel Gazteluan aurkeztu dira Euskal Herriko 2019ko Itzuliaren 59. edizioak Nafarroa gurutzatzean izanen dituen bi etapak.

Ekitaldian parte hartu dute 2019ko Itzulian aritu diren politika eta kirol alorretako ordezkari hauek: Alfonso Etxeberria Goñi, Eguesibarko alkatea; Rubén Goñi, Nafarroako Kirol Institutuko zuzendaria; Miguel Indurain; Raul Maiza, Berriozarko alkatea; Araceli Beato, Badostaingo Kontzejuko presidentea; Joseba Orduña, Eguesibarko Udalaren Kirol Alorreko zinegotzia; Helena Arruabarrena, Eguesibarko alkateordea; Ana Lizarraga, Nafarroako Gobernuko Turismo Marketingeko Zerbitzu burua; Iruñeko eta Atarrabiako udalen ordezkariak; eta Nafarroako kirol klubetako ordezkariak.

 

Alfonso Etxeberria Eguesibarko alkateak nabarmendu du Eguesibarrendako aukera handia dela Itzulia Basque Countryk udalerria berriz ere zeharkatzea, Estatuko txirrindularitza txapelketa garrantzitsuenetarikoa baita.

2017ko Itzuliaren lehenbiziko etapa Eguesibarren izan zen, lasterketa Iruñean hasi eta Sarrigurenen bukatu zen urtean, hain zuzen. Era berean, esker ona eman die Ibarreko hainbat enpresari eta erakunderi, Udalarekin lankidetzan aritu baitira bi etapa horiek Eguesibarren antolatu ahal izateko, besteak beste: Gorraizko Hotel Gaztelua; Desa Taldea; Fronda, lorezaintza denda; CDR eraikuntza; Sarribikes, bizikleta denda; eta Zubillaga Catering.

Era berean, alkateak nabarmendu egin du Itzuliaren bidez Eguesibarrek bere geografiaren berri emanen duela. Izan ere, turismo aukera anitz ditu Ibarrak, besteak beste: Oteiza Museoa, ondare materiala eta immateriala, eta natur ingurune ederrak, “Natura eskura” turismo leloa dutenak.

Azkenik, herritarrak gonbidatu ditu 59. ediziora etortzera eta hura gozatzera. Gainera, stand bat egonen da Ibarraren turismo eskaintza ezagutarazteko.

Geroago, Nafarroako bi etapen nondik norakoak azaldu dira:

Euskal Herriko Itzuliaren bigarren etapa apirilaren 9an, asteartea, izanen da. Zumarragatik abiatuko da, hango Udaletxetik aterata. Irteteko pistola tiroa 13:37an izanen da. 149,50 kilometro egin ondoren, 17:19ak eta 17:41 bitartean Gorraitzera helduko da, baina lehenago Olaberriako eta Lizarrustiko bi gainak igo, eta Eguesibarren 90 kilometro eginen ditu.

Honako elementu hauek egonen dira: sterratoko (lur zapaldua) sei tarte, hiru horma eta hormigoizko beste lau tarte.

Hirugarren etapa Sarrigurenen hasi, eta Estibalitzen bukatuko da apirilaren 10ean, eta 191,4 kilometro izanen ditu. Aurtengo edizioaren ibilbiderik luzeena izanen da. 12:18an hasi, eta Estibalitzen bukatuko da 17:16ak eta 17:45ak bitartean. Etapa horrek bi portu eta bi sprint izanen ditu.