|
Uztarrotz Iruñetik 13 kilometrora
dago lekututa. Lehendabizi, kilometro bateko distantzia burutuko
dugu tokiko errepide bat hartuta, eta
gero, Aoitz eta Iruñea lotzen dituen Na-150 errepidean
sartuko gara hiriburura abiatzeko. Gaur egun, hamabi pertsona
bizi dira bertan. Uztarrotzeko inguruetan laborantza soroak nagusi
dira. Paisaia muino leunetan egituratzen da, zeinetan zuhaiztiak
aurkituko ditugun, gero eta oparoagoak mendi inguruetara gerturatu
ahala.
Uztarrotz agiri batean idatzita
agertzen da 1280. urtean, bertako biztanleek erresumari ordaindu
beharreko zorra zela eta. Erret-jaurerri bat izaki, zorra kitatzeko
ardo, gari, garagar eta olotan ordaindu beharra zeukaten.
1835-1845 hamarkadako udal eraberritzea
ezarri aurretik, bailarako diputatuak eta Uztarrotzeko biztanleek
hautatutako erregidoreak gobernatzen zuten herria. Bestalde, hemeretzigarren
mendearen erdi aldera arte, herriko apaiza aurkezteko eskubidea
izan zuten.
Erresumako gazteluen zerrendan,
jatorrizko armarri jauregien kategoria ematen zaio Uztarrotzekoari.
1597an, jauregiaren jabe zen Antonio Marcilla de Caparrosok Erresumako
ogasunatik 20.000 maraiko errentak jasotzeko eskubidea zeukan.
Pribilegio hori bere semeak eta ondoren ilobak oinordetzan eskuratu
zuten. Kontuen Ganbararen arabera, 1723an Conde de la Rosa izeneko
jauna agertzen da jauregiaren jabe bezala. XVI. mendeko Armarri
liburuan irakur daitekeen moduan, jauregiko armarria aramiñatua
zen, burazagi gorria agertzen zuelarik, urrezko hiru souletez
apainduta.
Uztarrotz
herriko eliz parrokiaren jatorria Erdi Aroan aurkituko dugu.
XII. mendeko arkitektura-ereduak jarraitzen ditu, XVI. mendean
eraldaketa ugari ezagutu bazituen ere. Uztarrotzek, herriko zaindaria
den San Bartolomeren omenezko festak abuztuaren 24an ospatzen
ditu.
(Iturria: Nafarroako Entziklopedia
eta Eguesibarko Udal Plangintza) |