|
Sarrigurengo kontzejua Ekialdeko
Ingurabidetik oso gertu dago lekututa. Biztanleria anitz murriztu
bada ere -egun hamar lagun daude herrian erroldaturik- Eguesibarko
hirigintza hedapenaren hurrengo
ardatza izanen da aurki, 4.211 etxebizitza eraikitzea aurreikusita
baitago Sarrigurengo EkoHiria deitutakoan.
Herria inguratzen duen paisaia labore
soroez estalitako lautada leun eta zabalez osatua dago. Urrunean,
Elomendik mugatzen du zonalde hau. Inguruko habitat ekologikoa
osasuntsu egoteaz gain, Nafarroako hiriburutik ezin gertuago dago
Sarrigurren. EkoHiria bertan altsatzeko baldintzak ezinobeak dira
hortaz. Ingurugiroarekiko errespetuan oinarritutako irizpideak
jarraituko dituzte hirigune hau altsatzeko, eta proiektuaren arabera,
egungo herri zaharra kontzejuaren gune soziala bihurtuko da. Sarrigurengo
antzinako etxeak egoera onean daude, batik bat plazaren inguruan
altsatzen direnak. Plazaren erdian lorategi bat ageri zaigu, zeinaren
zainketaz herriko biztanleak arduratzen diren. Sarrigurrengo plazatxo
hau Santa Engrazia, herriko zaindariaren omenezko festen eszenatokia
ere bada apirilaren 16an.
Sarrigurengo
eliz parrokia, XIII. mendean altsatua, Santa Engraziaren izenpekoa
da. Erdi Aroko beste eraikuntza erlijiosoen antzekoa da. Nabe
angeluzuzena agertzen du lau tartetan banatuta dagoelarik. Aintzinako
denboretan, ganga erdi-zirkular batek eraikina burutu zuela uste
da. Horren ordez, estalki lau bat ikusiko dugu egun. Hala ere,
gotiko estiloan egindako leiho interesgarri bat aurkezten du tenpluak.
Leihoak barnealdea argiztatzen du, horrela, zurez egindako korua
ikus dezakegularik.
Etorkizunean aldaketa handiak ezagutuko
dituen herria bada ere, gaur egun Sarrigurengo ekonomia nekazaritzan
oinarritzen da. Abeltzainatza txerri azienda txiki batera mugatzen
da eta kasik ez dago industriarik.
(Iturria: Sarrigurengo Kontzejuaren
lehendakaria, Nafarroako Entziklopedia eta Egusibarko Udal Plangintza) |