|
Elkano eta Egulbatiren artean aurkitzen
da Sagaseta, Iruñetik hamar kilometrora. Na-150 errepideko
bidegurutzetik bi kilometro eskasetara dago eta kontzejuko eremuak
2,74 metro karratuko zabalera hartzen du. Horitetatik, 93 hektarea
herri-lurrak dira. Herria inguratzen duen paisaiak Eguesibarko
ipar-ekialdera zabaltzen diren eremuen ezaugarri beretsuak ditu
eta Sagaseta inguruko mendietaraino zabaltzen diren labore soroez
osatutakoa da. Halaber, mendiotako basoetatik egurra atera daiteke.
Sagasetako
eliza XIII. mendekoa da eta Santa Engraziari eskainita dago.
Herriko gainaldean kokatuta izaki, etxeak menean ditu tenpluak.
Piezarik garrantzitsuena maisu ezberdinen margoak ageri dituen
erretaula nagusia da. Artisten artean Joan de Landa nabarmentzen
da. 1595. urtetik aurrera parte hartu zuen erretaularen apaintze
lanetan, dokumentatua baitago urte horretan maisuari ordaindu
ziotela. Santa Engrazia ondratzeko festak apirilaren 16an ospatu
izan dira historikoki, abuztuko lehen asteburura eraman dituzten
arren.
Historian jauzi eginez, Sagaseta
erret-jaurerria izan zela aipatu beharra dago. 1280. urtean aipatzen
da herri hau lehen aldiz idazki batean. Jaurerriak Nafarroako
Kororari ordaindu beharreko zergak biltzen ditu idatzi horrek.
1468an Leonor printzesak bere idazkaria zen Juan Lopez de Isabari
bere errentak eman zizkion. Aurretik baina, Leireko monastegiak
(1099) eta Orreagako Santa Mariak jabego batzuk eskuratu zituzten
Sagasetako inguru horretan.
Eskualdeko beste hainbeste kontzeju
aunitzetan bezalatsu, Sagasetaren gobernua bailarako diputatua
eta biztanleek aukeratutako erregidorearen esku zegoen. 1835-45
urteetako erreformaren ondorioz, egoera aldatu zen eta herriaren
administrazio kontuak erregimen orokorraren barnean sartu zituzten.
Alabaina, 1847an bertako biztanleek apaiza aurkezteko pribilegioa
gordetzen zuten oraindik. Garai horretan, eskolatzeko adinean
zeuden haurrek, Egueseko eskolara joan behar zuten klaseak hartzeko.
(Iturria: Sagasetako Kontzejuaren
lehendakaria, Nafarroako Entziklopedia, Egueseko Udal Plangintza) |