|
Elia, jaurerri-noblea izan zen Erdi
Aroan. Egun 21 biztanle besterik ez ditu. Iruñetik 14 kilometrora
aurkitzen da eta Na-150 errepidetik Etxalatz-eraino doan sahiesbidea
hartuta iritsiko gara bertara. Aintzinako agirien arabera, XV.
mendean Orreagako Santa Maria Eliako udal-barrutiko soro zenbaiten
jabe zen zegoeneko, XIII. mendean
eskuratu zituela litekeena bada ere.
Eliak abeltzaintza eta nekazaritza
izan ditu bere ekonomiaren zutabe nagusiak. Dena dela, Elian lekututako
azken artzaiak orain dela 20 urte erretiroa hartu zuen eta hortaz,
lehen lanaren inguruan bizi zen herria bizileku lasaia bihurtuta
dakusagu orain. Hala etxebizitzen kopurua nola horien itxura ez
da aldatu azken 200 urteetan. Duela zenbait hamarkada eraitsi
zuten etxe bat izan ezik, herriko jatorrizko etxe guztiak gorde
izan dira. Garai berrietara egokituta badaude ere, harriak, egurrak
eta buztin egosiak eskaintzen duten itxura eta zapore hori mantentzen
dute oraindik ere. Tradizioak agintzen duen modura, oso ohikoa
da etxebizitza bakoitzak baratzea izatea alboan, zeinetatik Eliako
familiak barazkiez hornitzen diren oraindik ere. Eliak abuztuaren
15ean ospatu izan ditu zaindariaren festak (La Asuncion). Hala
ere, iraileko bigarren asteburura eraman dituzte.
Herriko gainaldean Eliako
eliz parrokia aurkituko dugu. XIII. mendetik Asunciongo Amabirjinari
eskainita badago ere, San Juliango irudia ere gurtzen da bertan.
Aintzinako denboretan, San Julianek berezko ermita bat izan zuen.
Litekeena da Zalbarena etxearen parean egotea. Hala ere, aipatutako
hori ez da Eliak izan duen ermita bakarra. Izan ere, Eliako udalbarrutian
Amokaingo eliza aurkitzen da, aintzinean San Migelen Agerpeneraren
ermita izan zena, alegia. Garaiko agiriek diote 1796. urtean Igual
de Soria bisitan etorri zela eta "ekitaldi liturgiko oro"
bertan behera uzteko agindua eman zuela "profanaturik eta
apaindurarik gabe" baitzegoen tenplua. Bestalde, kondairak
dio Amakoaingo jauntxoen sehia, izenez Felizia zena, bere anaia
Gillermok hil zuela ermita honetan bertan.
Kontzejuak latsarria dauka ibai ertzean,
denboraren poderioz zertxobait hondatua dagoena. Hortaz, merezitako
zaharberritze baten zain dago latsarria. 40ko hamarkada aldera
egin zuten eta gertuko herrien inbidia izan zen. Horregatik, herri
bakoitzari garbitzeko egun bat egokitu zitzaion.
Eliako udal-barrutiaren % 95 behi
eta zaldi azienden ustiapen estentsiborako erabiltzen da. Ganadua
udazkenean iritsi eta udaberriaren amaieran joaten da. Aran txiki
samar honetan, larreak eta basoa nahasten dira, inguruko mendi
mazelek paisaia mugatzen dutelarik Lakarri mendi-kaskoraino. Urbikain
errekak, lehen karramarroak zituenak, bitan banatzen du arana,
non basoko animali espezie anitz bizi diren.
(Iturriak: Eliako Kontzejuaren lehendakaria,
Nafarroako Entziklopedia eta Eguesibarko Udal Plangintza) |