|
Egues herria ibarreko hiriburua da,
eta bailararen erdialdean kokaturik dago, Iruñetik 9 kilometrora.
Inguruko paisaia labore-lur uhindu eta leunez osatua dago, eta
honi birlandaturiko 50.000 zuhaitzek
hornituriko pinudi bat gehitu behar zaio. Hirigune ttikiaren barruan,
Ibarreko Udaletxea eta medikuaren kontsultategia daude.
Egun Egueseko 125 biztanleak errepidearen
bi aldetara bizi dira. Herriko ingurubidearen eraikuntzari esker,
errepidearen trafikoa dezente arindu da, eta, hori dela eta, Egueseko
auzolagunek karrikak bereak egin dituen herriaz gozatzerik badute.
Gainera, Egues eta Nafarroako hiriburuaren arteko komunikazioa
egunero bi zerbitzu egiten dituen Río Irati autobus konpainiari
esker bermatua dago.
Herritik kanpo, N-150 errepidearen
ertz batean lekuturik, Egueseko industrialdea aurkitzen da, non,
oraino, 20 enpresa inguru ezarri diren. Olatzekoarekin batera
bailarako industrigunerik garrantzitsuena bilakatu zaigu. Eguesibarreko
Udal Plangintzak iragartzen du, bestalde, aurki poligonoa handitu
eta hala nahi duten enpresei bertan ezartzeko aukera eskainiko
zaiela.
Herriaren erdialdera hainbat eta
hainbat ekitaldiren lekuko den pilotalekua dago. Auzolagunek frontoia
estaltzeko xedea agertu dute behin baino gehiagotan, eguraldiaren
gorabeherek antolatu nahi diren ekitaldietan eraginik izan ez
dezaten. Herriko festak San
Martinen omenez ospatzen dira ekainaren azkenaurreko asteburuan.
Tradizioak agindu bezala, auzolagunek eta bisitariek elkarrekin
afaltzen dute festa garaian.
Elkano eta Ibiriku herriekin batera,
Egueseko bizilagunek segizioa burutzen dute Veronako San Pedrora,
eta erromesaldia Arreko Trinitatera.
(Iturria: Egueseko Kontzejuko Lehendakaria,
Nafarroako Entziklopedia eta Eguesibarko Udal Plangintza) |