|
Azken urteotan hazkunde demografiko
handia ezagutu duten ibarreko herriak bazter batera utzita, Badostain
izan da historian zehar populaziorik handiena izan duen gunea.
Ibarreko hegoaldera kokatua, 275 biztanle ageri ditu erroldan,
eta Iruñetik bertara 5 kilometroko distantzia dago, Na-2302
eta Ekialdeko Ingurabidea zeharkatu behar direlarik.
Badostaingo berezko paisaia laua
da, muinoz inguratua egon badago. 1974ean partzela-konzentrazioa
burutu zen, eta honekin lursail kopurua 174ra mugatu egin zen,
herrian nagusi zen labore hustiaketa indartu zelarik.
Arrotza begi onez eta adeitsuki
jasotzen duen herriak, irailak 29 egun dituenean ospatzen ditu
San Migelen omenezko jai nagusiak, nahiz eta azken urteotan iraileko
lehenengo asteburura eraman dituzten. San Migelen omenez, hain
zuzen ere, eraiki zuten XII. mendeko
parrokia, bailarako zaharrenetarikoa. Parrokian Miguel de
Espinal artista emankorraren erretaula bikaina aurkitzen ahal
dugu. Eliza, dena dela, ez da herriak duen eraikin erlijioso bakarra;
bestea, XIII. mendeko Gure Amaren ermita, herriko muino baten
gainean dago.
Elizak Eguesibarrean eragin handia
izan zuen bere esku zituen jabegoetan antzematen denaren legera.
Badostaingo herriaren kasuan are gehiago nabarmenagoa izan zen
elizaren pisua. Aitzinako erret jauregi izandakoa, 1041. urtean
Ama Birjinaren omenezko monastegia eraiki zuten bertan. Monastegiko
nagusiak, Garzia presbiteroak, eraikina San Millango abatetxeari
ematea deliberatu zuen. Ez zen izan, baina, herrian lur jabegoak
zituen monastegi bakarra. Izan ere, erresumako gobernadorea izan
zen Luis infantearen garaiko agirietan idatzita azaldu zaigunez,
Orreagako Santa Mariak herriko errentak berenganatzen zituen 1364ean.
Leireko abatetxeak, modu berean, Landazabaleko monastegiaren eskutik
Badostaingo dekania jaso zuen, hala nola, beranduxeago, eliza
eta jauregia. Zerrenda honetan ezin ditugu bazter utzi herrian
1181ean jabegoak eskuratu zituzten Jerusalengo San Juaneko Ospitalarioak.
Historian jauzi eginez, esan beharra
dago 1850. urte aldera Badostainek eskola zuela, zeinari urtez
urte 2.782 erreal ematen zizkion (Nafarroako herrien artean eskolari
diru gehien bideratzen ziona genuen). Herriko lurrak, honetaz
gain, nahiko emankorrak ziren (hiru bider batekoa zen herriko
2.700 erregu-lurren emankortasuna). Herriko lurren kalidate bikainak
azaltzen du ederki egundaino herriak mantendu duen nekazari-izaera.
(Iturria: Badostaingo Kontzejuko
Lehendakaria, Nafarroako Entziklopedia eta Eguesibarko Udal Plangintza) |