|
Azpa Eguesibarreko hegoekialdera
kokatua dago. 150-N errepidetik abiatuta, bailarako azken herria
da. Biztanlego eskasak (25 biztanle erroldan) ez dio interes apurrik
kentzen, zonaldeko beste hainbat eta hainbat Kontzejuen gisara
aitzinako jaurerria baita. Herrian, horrela, Azpako bizkonde eta
Fontellas-ko markesa izandakoaren jauregia aurkitzen da. Familia
honek Nafarroako monarkia defenditzearren Gaztelako gudarosteari
aurre egin zion Amaiurko guda
sonatuan.
Azpan arku-tiro zelai bat aurkitzen
ahal dugu labore zelaiek apaindutako inguru batean. Nafarroako
azken txapelketa hementxe jazo zen.
Azpako
parrokiaren mihise barrokoa bestelako interesgune bat da.
XVII. mendekoa da, eta San Martin, Joan Bataialaria eta Joan Ebangelista
albotara dituela, kapa urratzen ageri da. Irudiok egin zireneko
garaiaren janzkera daramate. San Martinen izenpeko diren Azpako
jaiak azaroaren 11an ospatu izan dira historikoki. Azken urteotan,
baina, ekaineko bigarren asteburura eraman dituzte.
Bailarako beste herri askotan gertatzen
denarekin bat, Donejakue bidetik gertu egoteagatik, Felizia, Akitaniako
printzesaren kondairari lotua dago Azpa herria. Feliziak fedearen
eraginez Pirinioak gurutzatu eta Eguesibarrean gorde zen. Tradizioak
dio anaiak arreba aurkitu eta suminaren suminaz akatu egin zuela.
Ezbehar horrek baina, onik ekarri zuen. Zerraldoa zeraman astoa
edonon geldituta ere, bertan iturri bat jaiotzen zen. Hau da hain
zuzen ere Azpako inguruan dagoen Santa Iturri-ren jatorria.
(Iturria: Azpako Kontzejuko Lehendakaria,
Nafarroako Enziklopedia eta Eguesibarko Udal Plangintza) |