Dirudienez, Etxalatzeko eliz-parrokian birmoldaketa sakonak egin
dituzte historian zehar. Ondorioz, denboraren poderioz bere jatorrizko
eitea hagitz aldatu egin da. Hala eta guztiz ere, oinak angeluzuzena
izaten darrai, hasieran izan zitekeenaren modura. Gainerako atalek,
ordea, makina bat berritze eta birmoldaketa ezagutu dituzte.
Hiru arkuk kanoi-erdiko ganga aizuna zatitzen dute, ebangelioaren
aldean irekitzen den kaperaren antzera.
Kanpoaldeari so egiten badiogu, ongi landutako silarrizko murruak
ikusiko ditugu, hala nola oso bitxiak diren horma-bularrak, zeinak
burualdearen diagonalean lekututa dauden. Horma-bular berezi hauei
sarrerako atea apaintzen duen arkuaren itxura berezia gehitzen
badiegu, XVI. mendean eraikina birmoldatu egin zutela ondorioztatu
dezakegu.
San Martinen izenpeko egina den erretaula nagusiak ere zenbait
aldaketa ezagutu ditu. Jatorrizko estilo barrokoa desagertuz joan
da XIX. mendeari propio dagokion itxura klasizistago baten mesedetan,
marmola imitatzen duen polikromiaren erabileran igerri daitekeen
bezalaxe. Erretaulako atikoaren albo banatan, Etxalatz (bi pertz)
eta Gazteluko (lau dorre eta Done Jakueren maskorra) armarriak
ikus ditzakegu. Azken deitura hori, Gaztelukoa alegia, parrokiari
lotuta azaltzen zaigu berriz ere sakristian gordetzen den zilarrezko
kaliza batean. Zera irakur daiteke kalizan inskribaturik: "Dª
Mª Juaquina Gazteluk egin zuen Etxalatzeko parrokiarendako.
1782. urtea".
Elizak babesten dituen irudien artean, Andre Maria Txuriarena
da azpimarragarriena. Estilo erromanikoko taila da, akaso XIII.
mendekoa, eta, garaiko ereduei jarraiki, amaren belaunetan eserita
dagoen Jesus umea ageri da aurrera begira (sede sapientiae ere
esaten zaio). Bestalde, erretaula nagusian ikus ditzakegun San
Antonioren eta San Joseren irudiek XVIII. mendeko estiloaren fintasuna
isladatzen dute. |