Herriko gainaldean, Altzuza menean hartzen duela, San Estebango
eliz-parrokia aurkituko dugu. Zalantzarik gabe, herri zaharrak
duen eraikuntzarik azpimarragarriena da eta litekeena da bere
jatorria Erdi Arokoa izatea. Dena den, neurri handi batean, barroko
garaian zaharberritu egin zuten.
Altzuzako San Esteban elizaren kanpoaldeko hormak silarri angeluzuzen
nahikoa uniformeak erabiliz eginak dira. Erdi Arotik gorde izan
dira, dorrea eta atearekin batera.
Elizaren aurrean, ziuraski hamaseigarren mendetik erdi-puntuko
arkupeak dituen lonja bat aurkitzen da. Erromaniko berantiar estiloko
atetik nabearen bigarren atalera sartzen gara. Nabearen buruan,
XVIII. mendeko erretaula nagusia ikusiko dugu, apaingarri gisa
Jainkoa gurutzatuaren hainbat estatua eta beste zenbait santuren
irudiak agertzen dituelarik. Tamalez, 1972garren urtean Erremedioen
ama birjina, eliz honetako baselizatik ekarritakoa, desagertu
egin zen. Irudi honen kopia bat Altzuzako eliz-parrokian gordetzen
da, eta erretaularen erdian dagoen sagrarioaren garai berekoa
da, XVI. mendekoa, zehatz-mehatz esateko. Usu horrela gertatzen
ez bada ere, aipatutako sagrarioaren jatorrizko polikromia oraino
gorde izan da. Barrualdean, apaingarri gisa, hostotza itxia eta
hainbat aingeru ikus daitezke, hala nola medailioi bat, non Magdalena
irudikatua agertzen den.
Dena dela, Altzuzako eliz-parrokian badago beste sagrario bat,
XVI. mendekoa hau ere. Harriz egina, horman sartua dago, erretaula
nagusiaren alde batera. Barrualdea ixten duen jatorrizko burdinesia
oraindik ikusten ahal da.
|