IBARREKO
HISTORIA
Idatzitako lehenengo berriak,
Erdi Aroan
Eguesibarreko lehenengo erreferentzi idatziak Goiz Erdi
Arotik datozkigu, XI.garren mendetik alegia. Erdi Aroa V. mendetik
XIII.era luzatzen da, eta bere baitan feudalismoaren sorrera eta
sendotzea biltzen ditu. Mende guzti hauek aztertzerakoan munta
handiko ondorio bat atera dezakegu: Eguesibarra aintzinako Iruñeko
monarkiaren oinarri ekonomiko, sozial eta administratiboaren zati
garrantzitsua izan zen.
1032 urte aldera, Antso III.ak,
X. mendetik laikoek poliki poliki eskuratu zituzten ondasunak,
eta batipat Iruñeari zegozkionak, hiriburuko katedralari
itzuli zizkion. Antso III.ak, bada, apezpikutzaren mugak eta ondasunak
zehaztu zituen. Horrela, Eguesibarrari loturiko idatzi hauek irakurtzen
ahal ditugu: "en Mendillorri, una serna bajo la villa, y
viñas... en Badostain, una tierra... en el suburbio de
Huarte, en la villa que dicen Alzuza, viñas, y en el mismo
Huarte, en el molino del rey que llaman Athea, dos veces para
moler". Interes handikoa da Iruñeko Katedraleko artxibategian
gorde eta hasiera batean latineraz idatzitako testu hau. Interesgarria
da aintzinakotasunagatik, Goiz Erdi Aroan kokatzen baikaitu, Antso
III.aren Iruñeko monarkiaren garairik gorenean; eta interesgarria
baita ere orduz geroztik Eguesibarreko antolakuntza eta garapen
ekonomiko eta sozialaren berri ematen baitigu. Puntu honetan gelditzea
merezi du, agiri honek izkutatzen dituen errealitateak argitzearren.
Ibarreko garapen ekonomikoa eta
giza-okupazioa aztertzeko tenorean, esan beharra dago, XI. mendetik
bertatik zonaldeko hustiaketa ekonomikoa garatua bazegoen ere
(Iruñetik gertu egoteaz gain, nekazaritzaren garapenerako
lur onak zituelakoz), ez zitekeela zentzugabekeri handia izanen
oraindik atzerago jotzea, edota, bederen, Iruñeko monarkia
eta honen lehenengo hedapenaren garaietara egitea. Ibarran bizirik
dirauen toponimiak honako tesia indartzen du. Tokian tokiko izenek
antroponimo edota gizaki baten izenarekin lagunduta, eta -ana,
-ano, -in edota -ain-en amaitzen direnek, bertan bizi zen gizakiaren
ezaugarriak isladatzen dituzte, nekazal kolonizazioa trinkoagoa
izan zen guneetan. Eguesibarraren kasuan, Badostain toponimoak
behinalako jabego baten berri ematen digu, kasu honetan antroponimoa
identifikatua ageri ez bazaigu ere.
Aztergai dugun agiri honek, erregeen
eskutik Santa Mariako elizaren eskuetara iragan ziren ondasun
higiezinez osatutako dohaintzaren berri dakarkigu. Orduan, Santa
Mariako apezpiku egoitzan Leireko abateak bizi ziren, zeinek elizbarrutiko
apezpikuaren lana betetzen baitzuten. Ezbairik gabe, ibarra Nafarroako
monarkiaren ondasunen zati garrantzitsua izan zen, errege-erreginek
Iruñean zentralizatu asmo zuten apezpiku-egoitzaren egoera
ekonomikoa hobetzeko erabili zuten eta.
Bide batez, agirian aurkitzen ditugun
dermio batzuen izendapena oso argigarria da. "Villa"
hitzari ekingo diogu lehenik. Modu honetan izendatzen dituzte
Mendillorri edota Altzuza, kasu. "Villa" izendapenarekin
bizileku ttiki bat zehazten da, non nekazal-lanak egiteaz arduratzen
zirenak bizitzeaz aparte, aleak gordetzeko eraikin bat edo beste,
nekazaritzako lanabesak eta erein zitezkeen zenbait lursail zeuden.
"Tierra" izendapena berez labore-lanetarako eta mahatsetarako
erabilitako lursailari dagokio. "Serna" izendapenak,
aitzitik, bi esanahi ditu. Lehenengoa familia edota herri baten
esku zegoen laborantza estentsiborako erabilitako lur sailez mintzo
da, zeinak, barbetxo handien bitartez, nekazal-ustiaketarekin
bateragarri ziren. Bigarren esanahiak, aldiz, nekazariak jaunaren
lurretan egin beharreko nahitaezko lana zehazten du. Agiriaren
testuingurua kontuan harturik, badirudi hemen "Serna"
aipatzerakoan ereiteko erabiltzen zituzten lurrez ari dela. Zerealak
bailaran izan zuen garrantziaren berri "Atea" izenez
aipatzen den errotak ematen digu. Honako errota erregearena zen,
berak eraiki edota eraiki eta gero berea egin zuenentz ez badakigu
ere. Argi gelditzen da erregeak errotaren erabileraren eskubideen
zati bat, "bi tanda", Iruñeko Santa Maria elizari
eman ziola, errotaren jabegoa partekatuz. Denborak aurrera egin
ahala, errotak gizartea menpean edukitzeko tresna aproposak bilakatu
ziren, nekazariei euren aldetik errotak eraikitzeko debekua eta
aleak jauntxoaren errotara eramateko beharra ezartzen baitzieten.
Azkenik, Uharteko "suburbio" gisa ageri den Altzuza
"Villa" aipatuko dugu. Garai horretan, XI. mendean,
hitz honek, hala nola honen baliokide den "alfoz" hitzak,
konterri edota erresuma bat artikulatzen duten oinarrizko lur
barrutiak hartzen zituen. Maiz, barrutiek hiriburu bat zuten,
eta Iruñeko Erresumaren barruan, Uharte genuen ibarreko
hiriburua. Bide berean, ez dirudi bailarako beste herriak "suburbio"
honen zati zirenik, ezen bestela agiri honetan aipatuko baitzituzten.
Egun, gai honen inguruan dauden azterketetan oinarrituta, ezin
da Iruñeko Erresumako administrazio antolakuntza zehaztasunez
argitu.
Urte batzuk beranduxeago, 1063an,
Antso IV.ak, Santa Gema-ko monastegia eta honen jabego guztiak
Iruñeko Santa Mariako katedralari laga egin zizkion. Ekitaldi
honetan lekuko izan zen Lupo Fortuñones "senior"-a,
orduan Uharten nagusi zen jauntxoa. Bestelako dohaintza batetan,
1071 urtean gertatutakoan, Uharteko "tenentea" Garcea
Azenariz izan zen; 1086 eta 1093an, ostera, Fortunio Sanz, eta
1096 eta 1117an Semeno Fortuñones.
Lokarri feudalei dagokienean, "tenencia" hitza "senior"
batek errege edota goi istantzi baten aldetik lur eremu bat edo
beste ustiatzeko jasotzen zuen eskubidea zen. Honek zonaldearen
kontrol militarra, administrazioa eta nagusiarekin batera errentak
zatikatzeko eskubidea suposatzen zion seniorrari. Uharte bada,
aspalditik zetorren lur barrutia zen, eta agirietan erregearen
aldetik lurrak gobernatzeko eskubidea jasotzen zuten bizilagunak
ageri dira.
Dagoeneko, erregeak, Iruñeko
katedralarekin batera, ibarran zeukan nagusitasuna aipatu dugu.
XI. mendeko azken urteetan eta XII.go lehenengoetan botere feudal
berriak ezarriko ziren, prozesu guzti honetan Leireko San Salvador
monastegia protagonista izan zelarik. Leireko hedapena Cluny-ko
ordenaren zabalkunde eraldatzailearen ildotik dator. Hedapen honi
lotuta azaltzen zaigu Romaniko estiloa, Antso III.ak San Juan
de la Peñako monastegitik (Jaka) Espainira bultzatu egin
zuena. Luis Javier Fortun historialariaren aburuz, 1083 eta 1134
urteak bitartean Leireko monastegiaren hedapen nagusia jazo zen,
Ilunberri-Agoitzetik Iruñerriraino, Egues eta Elortz ibarretatik
barrena. Zonalde honetan errege-erreginek eta herrietako jauntxo
txikiek dohaintzan emandakoak ugalduz joan ziren, eta hein handi
batetan Larrasoañako monastegiko ondasunak 1087 urtean
Leirekoari gehitu zitzaizkion unetik aitzina. Eguesibarrako kasuan,
monjeek ondasun sare zabala eratu zuten bederatzi herriotan: Azpa,
Badostain, Etxalatz, Egues, Elkano, Gorraitz, Uharte, Ibiriku
eta Sagasetan. Etxalatzen izan ezik (mahasti bat eskuratu zuten
bakarrik, 1086 urtean), Larrasoañako ondasunak dohantza
berriak lortzeko baliatu zituzten, segidan azalduko dugun legean.
Larrasoañako abateak, Badostaingo jabegoaren trukean, Murugarrengo
jabegoa eman zion Arabako Fortun apezpikuari (1067-1087). 1098an
Badostaingo apaiz batek, Garcia Enecones-ek, San Salvadorreko
abitua jantzi zuen. Apaizaren familia aristokraziaren barruan
kokatua zegoen, eta jauregi bat zuen, besteak beste. Anaiek jabegoaren
zati batez goza zezaten, monastegiari sakabanatuta zeuden hainbat
lur ematea otu zitzaion: Zalduondoko mahasti bat, 15 arinzadakoa
(13.476 m2); ereiteko sei lur eremu, Ardui, Zabala, Eskoritz,
Erpidea eta Iturribidean, 20,5 robadetakoak (18.418 m2); eta 50
koka (9.416 litro) hartzen zituen upel berri bat. Gomiz eta Garcia
Blasko hilobek osabaren bidea jarraitu zuten. Gomiz apaizak bi
zelai eta mahasti bat laga zituen, eta Garziak, 1110 urtean, hil
eta gero, Leireko elizgizonei Ziruetako mahastia emanen ziela
zin egin zuen. 1110ean ere, beste "infanzoi" batek (noblezia
ttikiko partaide batek), Mutiloako Aznar Arzeiz izenekoak, Leireko
monastegiari bere jauregia, honen gertu zegoen Moreako eliza eta
Sarasan hazten zen mahasti berri bat eman zizkion. Antza denez,
Moreako eliza egungo Santa Mariako ermita izan daiteke, Badostainetik
kilometro erdira dagoena, nahiz eta oraingo eraikina XIII. mendekoa
izan baden.
Larrasoañako ondasunen efektu
biderkatzailea Azpako San Martinen eta Uharten nabaritu egin zen
bidenabar. 1090ean, Toda de Uharte izeneko andereak herri bereko
San Esteban monastegia eman zion Leireko abatetxeari. San Estebangoa
"eliz propioa" zen; esan nahi baita jabeak monastegia
zuzentzeaz gainera honen errentak jasoko zituen abate edo apaizak
izendatzen zituela. San Estebanekoa hiru apaizek zerbitzatzen
zuten, eta lur ugari bildu zituzten berera. Lehen aipaturiko Atea
errotan, eta Balbea eta Ezpeletakoetan 'tandak' hartzeko eskubidea
zuten eta Begeriz eta Beolako mendietan egunero egurrez betetako
bi mando ateratzeko ahalmena. Monastegiko ondasunak inguruko herrietan
barreiatzen ziren, eta Azpako San Martin-en kasuan monastegia
zen herriko nagusi bakarra.
Lopez Osandoizek 1807an Elkanoko
landa bat eman zion Larrasoañako monastegiari, hala nola
Ibirikuko hainbat lursail eta mahasti eta Etxalatzeko beste mahasti
bat. 1099an Crisinda izeneko andere batek, hiltzerakoan, Leireko
monastegiari Elkanoko jauregia eta bere esku zeuden herriko lur
sail guztiak emanen zizkiola agindu zuen, eta, modu berean, bizirik
zegoen bitartean, jabegoarekin eskuratzen zuenaren hamarreko bat,
"diezmo bat", emateko konpromezua hartu zuen. Crisinda
anderearen ondarearen baitan Sagasetako bi "mezquino"
edo "morroi" zeuden, zeinek monastegiari urtez urte
errentaren portzentai beretsua emanen zioten. Munta handikoak
ziren halaber Egues monastegiko ondasunak. Uharteko San Esteban
monastegiaren bitartez Eguesekoak mahasti bat eskuratu zuen 1090ean,
gehi bi mahasti, bi soro eta 1112an Gorraitzen eskuratutako lursail
baten ondoan zegoen Egiluzeko landa bat. Mezquino edota morroiek
juridikoki zegoen mailarik baxuena osatzen zuten. Mezquinoak lurrari
lotutako nekazari morroiak ziren; lurra saldu, erosi edota ematen
zirenean sinatzen zen tratuaren barne zeudenak. Mezquinoek nagusiaren
menpe lan egiten zuten, eta ereindakoaren zati bat nagusiari eman
eta bestelako zerbitzuak betetzen zituzten, betiere jauntxoaren
oinpean.
Leireko monastegiak Eguesibarran
eskuratutako ondasunen kopurua handia den bezala, nahikoa konplexua
da kualitatiboki azaltzeko orduan: Villa bat, monastegi bat, 10
landa, 9 lursail, 11 mahasti, 3 soro, upel edo upelategi bat,
errotaren bi "tanda", zelai bat, eta bi mendiren aprobetxamendua.
Argi geratu denez, monastegiari ez zizkioten soilik jabego handiak
eman, baizik eta neurri ttikiko jabego sakabanatu ugari.
1093an, Antso Ramirezek, beste jabego
aunitzen artean, Uharteko erregearen lur, mahasti, soro eta erroten
hamarreko bat Montearagoneko monastegiari emateko erabakia hartu
zuen.
Puntu honetara ailegatuta, zenbait
ondorio atera ditzakegu. Behinalako bizilekua, ziurraski Iruñea
sortu zen garaiko bizilekua zen Eguesibarrak, bailarak bizi zuen
nekazaritza eta giza antolaketaren garapenari esker, Erdi Aroko
Nafarroako erresumaren antolaketa administratiboan parte hartu
zuen. Makina bat jauntxo bizi izan zen Eguesibarran: monarkia,
behe eta goi noblezia, elizgizonak eta abar. XI. mendean zehar
Eguesibarreko ondasunak, neurri handi batetan, Iruñeko
apezpiku egoitzak bereak egin zituen, mendea amaitzear zegoelarik
Leireko fraideek bailarako baliabideen zati handi bat eurena egin
zuten arte.
XII. mendean jauntxoek bailaran
sartzen jarraitu zuten, bide ezberdinetatik ondasunak eskuratu
zituztelarik. 1105ean Santxa Semenoizek Lurralde Sainduetara joatea
erabaki zuen, baina alde egin aurretik Altzuzan landatutako mahasti
bat Iruñeko Santa Mariari eman zion, errenten erdia bere
arimarendako, eta beste erdia Andregoto Semenoiz ahizparen arimaren
aldekoa izan zedin.
1135 eta 1136an, Santxo, Iruñeko
apezpikuak, Orreagako ospitale eta kofradia sortu eta hornitu
zituen. Helburu honekin, katedraleko apaizek Orreagari Uharteko
eliz guztiak eman zizkioten, eta, bidenabar, errenten laurden
bat ("cuarta" bat), eta Etxalatz eta Altzuzako "pedaticum"-a
(pertsona eta merkantziak iragaiterakoan ordaintzen zen bidesaria).
1137an, Inocencio II.a Aita Sainduak
Iruñeko eliza bere babesean hartu, eta pribilegio nahiz
jabegoak onartu egin zizkion, Nafarroako errege-erreginen kaperautzaren
izenean zegoen Uharteko Villa barne. Inocencio II.ak berak, urte
horretan bertan, Iruñeko katedralak hornitzen zuen Orreagako
ospitalea bere babesean hartu zuen. Honen barruan "Villa"-ko
eliz guztiak zeuden; ez ordea ondoko pribilegio eta jabegoak:
hamarrekoa edo diezmoa eta apezpikuaren eskubideak, laurdena edo
"cuarta", Iruñeko katedralak Etxalatzen zituen
mahasti eta bidesaria eta Altzuzako "mezquino" edota
morroiak, lurrak, mahastiak eta bidesaria.
1144ko otsailaren 26an beste Aita
Saindu batek, Celestino II.ak, Iruñeko Katedrala bere gerizapean
hartu zuen, honen ondasun eta pribilegioak onetsiz. Agirian Uharte
eta Ibirikuko "villa"-k aipatzen dira (azken hau Abartzuza
eta Irantzuri lotua). Apezpikuak behin eta berriz aritu ziren
Eguesibarrarekin jira eta biraka. 1155ean Lope apezpikuak Mendillorrin
zeuzkan etxe eta ondasunak Sagueseko etxe eta ondasunengatik trukatu
zizkion Fortunio izeneko bati. 1164ko martxoaren 3an Bernardo,
San Severoko abateak, "Iruñeko lurraldean" zegoen
Asiturriko monastegia eta honen jabegoa (Altzuzan zituen lurrak
barne) Iruñeko katedralari saldu zizkion. 1178tik 1180ra
etengabekoak dira bailararen giza-okupazioa eta ereiteko lurren
ugalpenaz mintzo diren berriak. Hala, Pedro, Iruñeko apezpikuak,
Semero Zuria eta honen emazteari landa bat eman zion mahatsa erein
eta bertan bizi zitezen, betiere hiltzerakoan lursaila honen nagusiari,
Iruñeko ospitalari, itzuliko ziotenaren baldintzaz. Semenoren
"fiador" edo fidatzailea Altzuzako Juan Lopeyz delako
bat izan zen. Lurrak uzteko ekitaldian lekuko izan ziren On Sanz,
Uharteko abatea, On Garcia, Uharteko abatea baita ere, Umea-ko
Berasco Azeariz, Sanso Ortiz, Lope Saldayzo, Jaun Umea eta Altzuzako
beste zenbait bizilagun. 1184ean, berriz ere, Pedro apezpikuak
Semeno eta emazteari etxe bat, garai bat eta Uharteko hainbat
lursail eman zizkien, San Migel egunean izen bereko ospitaleko
arduradunari zazpi soldata eta hamarreko edo "diezmoen"
erdia ordaintzeko baldintzaz. Tratuan zehazten zenaren legera,
Semenok lurra hobetzeko ardura hartzen zuen, eta, bide batez,
zatikatu edota besterentzeko debekua ezartzen zitzaion. Ospitaleko
arduradunak, gainera, etxearekiko eskubideak izan bazituen, eta
horien artean Semenoizi utzitako etxean ardoa egiteko upelak jartzeko
eskubidea.
Ibarreko botere aniztasunak jabegoa
eskuratzeko lehian arazoak ekarriko zituela argi zegoen. 1197ko
apirilean Iruñea eta Leireko monastegiaren artean elizparrokia
eta eskubide aunitzen gainean sortutako auziak epai arbitrala
beharrezkoa egin zuen. Auzian zeuden elizak, besteak beste, ondoko
hauek ziren: Uharteko San Esteban (parrokiako hamarrekoak edota
"decimak" emateko beharra bertan behera gelditu zen),
Azpa-ko San Martin (Leireko eskuetan gelditu zen) eta Ardanatz
(Abatea hiltzerakoan Leireko monastegipean geratuko zen).
XII. mendean ere bailarako beste
hainbat jabeen inguruko erreferentziak badaude. Egueseko Simeno
izeneko batek Iruñeko Santa Maria katedralari dohantzan
Mendibileko mahasti bat, 20 gari-"cahiz", 20 ardo-"coca",
3 idi eta 3 zaldi eman zizkion; Uharteko San Estebani, berriz,
mahasti bat; Asiturriko San Salvador eta Larrasoañako Santa
Mariaren artean Irotzeko etxaldea banatu zuen; eta Burlatako kofradiak
bi arto-"cahiz" eta bi ardo-"coca" jaso zituen.
Enparau geratu zitzaion ondasuna anaien artean banatu zuen.
Bailarako jaun boteretsuen arteko
ondasun trukaketak oso ohikoak izan ziren. 1200 eta 1205 urteak
bitartean Garzia, Iruñeko apezpikuak, besteak beste, mahasti
bat, Domingo Ezkerra izeneko morroi bat eta honen ondasun guztiak
Orreagako ospitalari eman zizkion. 1202ko maiatzaren 23an Martin
Perezek, Santa Gemako artxidiakonoak, Irantzuko San Adriango abateari
Iruñeko katedralak Ibirikun zeuzkan ondasun guztiak laga
zizkion (mendiak, ibaiak eta iragaiteko eskubideak), monastegiak
Urbiola herrian zuen guztiaren truke. 1209an apezpikuak Urbiola
herriko ondasunak monastegiari itzuli zizkion.
1203an Inocencio II.ak egin zuenari
jarraiki, ondorengo Aita Sainduak, Inocencio III.ak, Orreagako
ospitaleko babes apostolikoa berriz sinatu zuen. Agiriaren bidez,
Orreagak Eguesibarran zituen ondasunak zenbaterainokoak ziren
jakiterik badugu. Hots, Uharteko eliza guztiak eta Altzuzako laurdena
edo "cuarta", bidesaria, mezquino edo morroiak, lurrak
eta mahastiak. 1223an Ramiro, Iruñeko apezpikuak, katedralak
jaso zituen mesede ugarien trukean, Antso VII.a Azkarraren esku
utzi zituen Uharteko "villa" eta gaztelua.
1237ko uztailaren 18an Iruñeko
katedraleko kabildoak eta 13 elizetako erretoreek epaileak izendatu
zituzten. Eztabaidan zegoena: norentzat izanen zen 13 elizetako
'diezmo' edota hamarretakoen laurdena. Apaizen artean honako hauek
zeuden: Juan, Uharteko abatea; Aznar, Eguesekoa; Garzia, Gorraitzekoa;
Pedro, Olatz Ttipikoa; Lupo, Eliakoa; Aznar, Elkanokoa, eta Garzia,
Ibirikukoa. 1238ko martxoaren 10ean, epaimahaiak diezmoak kabildoak
har zitzala erabaki zuen. Lekukoen artean Ibirikuko Ximeno izeneko
bat zegoen, lanbidez katedraleko ondasunak administratzen zituena.
Garai bereko beste berri batzuek
bailaran jaiotako hainbat bizilagunen hartuemanen gaineko datuak
eskaintzen dizkigute. 1239ko irailean, adibidez, lanbidez errementari
zen Gorraitzeko Juan eta honen emazteak Iruñeko bainutegien
atzekaldeko etxe bat saldu zioten Sansoaingo Domingo de Marteloizi.
Beraz, non bizi eta lanean non zebilen ez badakigu ere, artisau
batek Iruñean inbertitzeko adina diru biltzea lortu zuela
jakin badakigu. Honek jaun eta nekazari aberatsen maila berean
jartzen du Gorraitzeko Juan arotza.
XV. mendeko agiri batek Nafarroako
biztanlegoaren eta, zehatzago esanda, Eguesibarreko biztanlegoaren
eraketa ezagutzeko bidea zabaltzen digu. 1366an idatzitako "Su
liburu" edota "Libro de Fuegos" izenekoaz ari gara,
Juan Carrasco irakasleak argitara eman zuena. Populazioa zenbatu
eta helburu fiskalak zituen liburua izan zen honakoa, Carlos II.ak
Erresuma osoan 40.000 florineko laguntza berezia bildu nahi baitzuen.
Menpeko guztiak ordaintzera behartuak zeuden, eta oinarri fiskala
"su" (fuego) edota "etxebizitza" (hogar) izeneko
neurria zen. Arazoa, baina, su bakoitzeko biztanle kopurua zehaztean
zetzan; izan ere gorabehera handiak baitaude garai eta leku geografiko
ezberdinen artean, 3'4 biztanletik 7'5 biztanlera hain zuzen ere.
1366an, su bakoitzak 2,5 florin ordaindu behar zituen batezbeste,
aberastasun ekonomikoaren arabera Nafarroa lau zatitan banatua
bazegoen ere. Batzuek lau florin ordaintzen zituzten, beste batzuek
hiru, bi edota bat bakarra. Zangozako merinerriari dagokionean,
(Nafarroa merinerrietan zatitu zutelarik Eguesibarra Zangozakoaren
barruan geratu zen), datu hauek ateratzen ahal ditugu:
| |
Su kopurua
|
Aitoren-semeen
suak
|
Nekazarien
suak
|
Judutarren
suak
|
| Ardanatz |
7
|
6 |
1 |
0 |
| Olatz Ttipia |
5 |
2 |
3 |
0 |
| Mendillorri |
3 |
3 |
0 |
0 |
| Gorraitz |
7 |
7 |
0 |
0 |
| Sarriguren |
4 |
1 |
3 |
0 |
| Badostain |
29 |
8 |
21 |
0 |
| Ibiriku |
5 |
0 |
5 |
0 |
| Azpa |
3 |
0 |
3 |
0 |
| Erantsus |
2 |
0 |
2 |
0 |
| Elkano |
9 |
8 |
1 |
0 |
| Sagaseta |
2 |
1 |
0 |
0 |
| Etxalatz |
3 |
3 |
0 |
0 |
| Egulbati |
4 |
1 |
3 |
0 |
| Elia |
2 |
0 |
2 |
0 |
| Uharte |
28 |
23 |
5 |
0 |
| Altzutza |
4 |
0 |
4 |
0 |
| Burlata |
5 |
0 |
5 |
0 |
| Egüés |
17 |
4 |
13 |
0 |
| Ustarroz |
0 |
0 |
0 |
0 |
| Guztira |
139 |
67 |
72 |
0 |
Datuak kontuan harturik
erraz igerri daiteke nola zegoen banatuta bailarako populazioa.
Halarikan ere, badira bestelako interesguneak. Esate baterako,
Erresuman jaunen su eta nekazarien su-en arteko oreka deigarria
da; esan nahi baita, "pecha" (lurraren gaineko zerga
bat zen, urtez urte diruz, jeneroz edota modu mistoan pagatzerik
zegoena) ordaintzea zegokien nekazarien kopurua eta hidalgo
edo jaunena (ez zuten zertan zergarik ordaindu beharrik, zerga
berezia ez zen bitartean) berdintsua zen. Azpimarratzekoa da,
bidenabar, judu komunitaterik ez egotea, eta hau horrela zen,
ziurraski, bailaran hirigune handiak zeudelako eta Iruñea,
judutegi handiko hiria, gertu zegoelakoz.
XV. mendean ibarreko bizimodua ezagutzeko
baliagarriak diren beste agiri batzuk argitaratu ziren. Ezbairik
gabe, interesgarriena Egulbati herriaz mintzo dena da. Herria
Orreagako ospitalaren menpe zegoen, erlijio-gune honetan aurkitu
diren orrietako berri solteek erakusten dutenez. 1141an herritarrek
kontzejuan bilduta udal ordenantzak idatzi zituzten. Ordenantzetan
herri-lurren aprobetxamenduaren inguruko kezka bizia ageri da,
eta bizilagunen eskubide eta beharrak zehazten dira, bertakoak
ez zirenei sarrera debekatuz. Hona hemen, hitzez hitz, agiria:
"Sepan cuantos esta presente
carta verán y oirán que estas son las composiciones
y ordenanzas hechas y tratadas entre los vecinos de Egulbati,
juntados en concejo según han usado y acostumbrado hasta
ahora, las cuales avenencias y ordenanzas son estas que se siguen.
Primero, que todos los dichos
vecinos que son o por tiempo serán hayan de venir en cada
año en el día de San Miguel a confirmar los paramientos
(hitzarmenak) y a talar según han usado y acostumbrado
hasta el día de hoy en que esta carta es hecha. Y si en
el dicho día alguno de los dichos vezinos falleciese, que
los vecinos paguen un robo de trigo para el concejo, sin excepción.
Item si alguno talase más de lo usado y acostumbrado, que
pague de pena por cada árbol grande o menudo un cahiz de
trigo para el dicho concejo y que sea perjuro y que pague cinco
cahices de trigo.
Item: si alguno (orijinalean,
puskatuta dago) vecino a vecino en el término o fuera del
término, que pague de pena un robo de trigo.
Item: si alguno hiciere apellido
(arrisku kasuan bizilagunei deitzea) y alguno por malicia quedase
atrás, que pague un robo de trigo de pena.
Item: quien sacare cuchillo contra
otro o le hiciese sangre, que pague un cahiz de trigo de pena,
quedando al señor rey sus derechos en salvo, los que le
perteneciesen.
Item: si alguno trajese ganado
granado o menudo extraño y el que le diere posada, salvo
una noche, que pague por cada noche que diere posada un cahiz
de trigo de pena.
Item: cualquier vecino desde
que haya conocido la parte que le corresponde talar y no lo hiciese
desde aquí a Pascua de mayo, que la pierda; y pasada esa
fecha, si la quisiera talar que pague un robo de trigo de pena.
Item: que ningún vecino
no sea osado de talar leña granada ni menuda salvo espino,
boj, illagas y artos (elorri beltzak) que traen simiente, y si
talare que pague por cada árbol grande o chico un cahiz
de trigo de pena.
Item: que ninguno no sea osado
de entrar fiador a judío y si se encontrare que alguno
entró en el dicho lugar de Egulbati, que pague de pena
cinco cahizes de trigo.
Y todo hombre y toda mujer que sea vecino o vecina de Egulbati
y fuere o fueren contra estas ordenanzas sobredichas en todo o
en parte, que den y paguen por cada vez que fuesen contra ellas
veinte cahices de trigo de pena, la mitad de la cual dicha pena
si acaeciera sea para la señoría mayor de Navarra
(erregea), para que haga valer, tener y cumplir todo lo contenido
en esta dicha presente carta, y la otra mitad para los vecinos
que esta carta guardasen y observasen y contra ella no viniesen.
Y a tener y cumplir y tener por firme y valedero todas y cada
una de las cosas sobredichas y a no contravenir en ningún
tiempo del mundo, nosotros los dichos vecinos obligamos nuestros
bienes muebles y heredamientos habidos y por haber donde quiera
que nosotros los tengamos, en todos los logares del mundo. Y renunciamos
generalmente y especialmente a nuestro fuero propio y a toda otra
excepción de fraude y de mal engaño. Testigos son
de ésto que presentes fueron en el lugar y que por tales
testigos se otorgaron nombradamente, Lope Sanz de Bearin y Martín
Martínez de Irurzun, vecinos o moradores en el lugar de
Arleta. Esto fue hecho en la manera sobredicha y lugar de Egulbati,
día XXVI de junio, año del nacimiento del Señor
Mo CCCCo XIo. Y yo, Juan López de Erro, notario público
y jurado por autoridad real en todo el reino de Navarra, que a
las cosas sobredichas junto con los dichos testigos fui presente
en el lugar, a ruego y requerimiento de las dichas partes y con
otorgamiento de los dichos testigos escribí esta carta
de paramiento y ordenanzas con mi propia mano e hice en ella este
mi signo acostumbrado en testimonio de verdad".
Peio J. Monteano historialariak
azaldu duenez, Egulbati "cuartel" erregistrotik desagertu
egin zen 1462tik 1494ra, XV. mendeko izurrite eta goseteek herria
gogoz astindu zutenaren seinale. "Cuartel"-ak Gorteek
onartu eta monarkiak jasotzen zituen zergak ziren, monarkiaren
diru-iturririk garrantzitsuena osatzen zutenak.
Erdi Aroko azken garaietan ere,
Eguesibarrean beste jauntxo batzuek errentak eskuratu zituzten.
1420ean, horrela, Carlos III.a Nobleak, Sueskungo Juan Koxek utzitako
4.000 florineko maileguaren ordainean, behin betirako Olatz Ttipia,
Elkano eta Egues hartzen dituen jaurerria eman zion. Artiedako
Carlosek bere eginen zuen ondoren aipatu jaurerria, eta, 1494ean,
Alonsok, Carlosen semeak. Bidenabar, 1467an, Leonor printzesak
Ardanatz herriko "pecha"-k Gurpideko Ogerri eman zizkion.
1423an, Carlos II.ak Uharte behin
betikoz "cuartel" eta ezohiko laguntzak ordaindu behar
izateko mandatuaz libratu zuen, erregeak inoiz Iruñeko
apezpikuaren esku egondako Baluerrotako errota erabili ahal izan
zuelakoz.
Bailararen deskribapena XIX. mendean
XIX. mendeko lehenengo erdialdean
geografia, historia edota estatistika hiztegi batzuk eman ziren
argitara. Horietariko batzuek Espainia osoa hartzen zuten kontuan,
Miñano eta Madozenak kasu. Beste batzuk, berriz, erregioetara
mugatzen ziren, eta hori da, hain zuzen ere, Historia Akademiarena,
Yanguas y Mirandarena, Ochoarena edota Ramirez de Arcasek idatzitako
"Itinerario" liburuaren kasua. Guztietan Nafarroarentzat
arras interesgarriak diren datuak aurkitzen ahal ditugu, eta,
bidenabar, Eguesibarrari dagozkionak. Pascual Madozen "Diccionario
geográfico-estadístico-histórico de España
y sus posesiones de Ultramar" izan da garaiko errealitate
sozial eta ekonomikoan sakondu nahi duten historialariek gehien
erabili dutena, ikerketaren aberastasuna eta zorroztasuna direla
kausa.
Hamabigarren liburukiak, 1849an argitaratutakoak, Nafarroa aztertzen
du. Ikus dezagun Madozen hiztegiak, XIX. mendearen erdialdera,
bailara, bere osotasunean, nola deskribatzen zuen:
1789an probintzia jurisdikzioetan
banatu zenez geroztik, bailarak 18 herri jasotzen ditu bere baitan.
Herriak udaletxean biltzen dira, txandaka, Egues eta Olatz Ttipian.
18 herriak hauexek dira: Altzuza, Ardanatz, Azpa, Badostain, Burlata,
Etxalatz, Egues, Egulbati, Elkano, Elia, Erantsus, Gorraitz, Ibiriku,
Mendillorri, Olatz Ttipia, Sagaseta, Sarriguren eta Uztarrotz.
Bailara Lurraldeko Entzutegi eta Nafarroako Kapitania Orokorraren
barruan dago, zazpi legoetara dagoen Zangozako merinerriaren barruan,
eta hiru legoetara aurkitzen den Agoitzko barruti judizialaren
barruan. Modu berean, Iruñeko elizbarrutiari eta Iruñerriko
artzapezpiku-barrutiari atxikituta dago. Bailararen gobernurako
diputatu bat dago, eta, gainera, erregidore bat herri bakoitzeko.
Iparraldera Esteribar-eko bailararekin muga egiten du, Ekialdera
Lizoaingoarekin, hegoaldera Unziti eta Elortzekoekin eta mendebaldera
Uharte eta Atarrabiako "villekin". Ibarra menditsua
da, eta giroa, orokorrean, epela. Lurrak nahikoa emankorrak dira,
eta Arga eta Aragoi ibaietan amaitzen diren errekek, eskubi eta
ezkerretara iragaiten direnek, ureztatzen dituzte. Bi zubi ditu.
Herri-bideak ditu eta Iruñea eta Agoitzera zuzentzen direnak
egoera onean daude. Posta Iruñetik jasotzen dute, eta postari
batek banatzen du bailaran barrena. Datu ofizialen arabera, 296
bizilagun eta 1.513 arima ditu. Udaleko aurrekontua 30.000 errealekoa
da, eta herriko bizilagunen artean biltzen da. Iturburuak apartak
dira, eta biztanleek kontsumorako, ganaduarendako eta nekazari-lanetarako
erabiltzen dituzte. Ehiza ugaria da bailarako zati handi batetan:
eperrak, galeperrak, erbiak, untxiak eta oreinak baita ere (Gorraitzen).
Ez da piztirik falta, eta horien artean azeriak dira aipatzekoak.
Hirina-lantoki eta erroten egoera,
egunero ehotzen duten anega eta robo kopurua, eta lanerako ustiatzen
dituzten erreka eta ibaiak hiztegian aipatzen dira: Elkano, Uharte
eta Uztarrotzen harri bakarreko 5 errota daude, Elia, Arga eta
Mintxate ibaien ur korronteari esker mugitzen direnak. Guztira
9.595 anega eta 12.000 robo ehotzen dituzte.
Historiak aurrera egin ahala, bereiztea
erabaki zuten Burlata, Uharte eta Mendillorri herriak albo batera
utzita, ibarreko beste herriek orduan zituzten ezaugarriak aztertuko
ditugu:
Altzuza: Haizeak
nonnahi jotzen duen muino batean kokatua, giro osasungarria arnasten
da Altzutzan. Lau etxez, San Esteban Protomartir-i eskainitako
elizaz eta ermita batez osatua dago. Bietan apezpikuak oposizio-lehiaketaz
izendatutako bikario batek zerbitzatzen du. Beste herri batzuekin
batera Elkanoko ikastetxea laguntzen du. 32 mutiko eta neskatilek
ikasten dute bertan eta irakasleak 1.642 erreal poltsikoratzen
ditu urtero. Dermioak 4.000 erregu-lur ditu, eta hoietarik 575
ereiten dira bakarrik: 175 lehenengo kalitatekoak dira, 200 bigarren
kalitatekoak eta 225 hirugarren kalitatekoak. Hauetaz gain, 100
erregu-lur mahatsetarako erabiltzen dira eta beste 80 erregu-lur
zelaiak dira; 16 erregu-lurreko lizardi bat dago; 4.246 erregu-lur
sastrakez beteak daude, 20 erregu-lur kontzejuarenak dira eta
beste 142 lugorriak. Garia, garagarra, lekaleak eta ardoa, kantitade
txikian, produzitzen ditu.
Ardanatz: Aurreko
herriaren kokapen eta giro beretsuak dauzka. 19 etxez, eta apez
batek zerbitzatzen duen San Vicente Martiriari eskainitako eliz
batez osatua dago. Guztira 4.000 erregu-lurreko hedadura dauka,
nahiz eta ereiteko 1.700 besterik erabiltzen ez diren, enparauek
ez baitute fruiturik ematen. Nekazaritzarako erabiltzen diren
lurren artean, 120 erregu-lur mahatsetarako dira; eta erein gabeko
lurrez hitzegiten hasita, 500 erregu-lur basoak dira, beste 500
sastrakak, 20 Kontzejuko lurrak, 16 lizardi bat eta 142 ganadurako
zelai ezin aproposagoak dituzten lugorriak.
Garia, garagarra, oloa, lekaleak eta ardoa ekoiztu eta ardi, behi,
ahuntz eta mandoak dituzte.
Azpa: 11 etxek eta
San Martinen omenez altxatutako eliz batek osatzen dute herria.
Abate izenaz ezagutzen duten apaiz batek zerbitzatzen du elizan.
Apaiza oposizio-lehiaketa baten bidez aukeratzen dute. Lurrek
ebakidura handiak dituzte eta halanolako emankortasuna dute. Mendietako
zuhaitzek eraikuntzarako eta erregaietarako erabiltzen den egurra
eskaintzen dute, eta bazkalekuak ezinhobeak dira. Garia, garagarra,
oloa, lekaleak eta ardo pixka bat ekoizten dute. Behi, mando,
ardi eta ahuntz ganaduak dituzte. 11 biztanle ditu eta 77 arima.
Badostain: Lur lauean
kokatua, 35-40 etxe inguru ditu, udaletxea, ostatua, eta bi sexuetako
haurrak ikasle aritzen diren eskola. Eskolak urteko 2.782 errealeko
gastuak sortzen ditu. San Migeli eskainitako eliza abate deitzen
duten apaizak eta benefiziodunak zuzentzen dute. Herriak badu
ermita bat. Herriko lur eremuan mendia eta lur lauak nagusitzen
dira. 2.700 erregu-lur lehenengo, bigarren eta hirugarren kalitatezkoak
dira. Mahastiek 500 gizalur edo peonada estaltzen dituzte eta
aprobetxamendua hiru bider batekoa da. Erein gabeko lurrak, 2.500
erregu-lurrekoak, bazkalekurako erabiltzen dituzte, eta erregai
eta eraikuntzarako bideratzen den egurra inguruko zuhaitz ugarietatik
eskuratzen dute.
Etxalatz: Lur lauan
ezarria, eguraldi epela dauka. 6 etxe ditu, abateak zuzentzen
duen eliz-parrokia eta ermita bat. Lurrak kalitate erdikoak dira.
Erreka batek zeharkatzen du, eta hala artadi bat nola ibarbaso
bat ditu. Garagarra, garia eta bestelako fruituak ekoiztu eta
ganadua hazten dute. 7 biztanle ditu eta 27 arima.
Egues: Lur lauan
baita ere, eguraldia hotza da. 25 etxe ditu eta bikarioa buru
duen San Martin eliz-parrokia. Haurrak Elkanoko elizara doaz,
iparraldean Eguesekin muga egiten baitu. Garia, garagarra, ardoa
eta bestelako fruituak ekoizten dituzte, eta abere bat edo beste
hazten dute. 26 biztanle eta 119 arima daude.
Egulbati: Bailarako
iparraldeko muturrean eta trokarte baten ondoan kokatua, herri
honetan eguraldi hotza da nagusi. Hiru etxe eta bikario baten
esku dagoen eliza bat (La Concepcion) dauzka. Haurrak Elkanoko
eskolara doaz. Lurrek, kalitate erdikoak izan arren, dexente produzitzen
dute. Ardi, behi eta zerriak hazten dituzte. Bi biztanle eta 14
arima ditu.
Elkano: Lur lauan
ezarrita dago, eta giroa epela da. 26 etxe ditu, eta lehenengo
hezkuntzako eskola bat Ibirikun, zeinera Etxalatz, Elia, Erantsus,
Egues, Egulbati, Azpa eta Sagasetako haurrak gerturatzen diren.
Eliz-parrokia, Purificacion de Nuestra Señora izenpean
eraikia, bikario eta benefiziodun batek zuzentzen dute. Bi ermita
dago. Erein-lurrak kalitate erdikoak dira. Erreka batek bustitzen
du herria, eta mendizerrak ia ez du zuhaitzik, ibarbaso eta makal
bakar batzuk izan ezik. Garia, garagarra eta ardoa ekoizten dute
eta ardiak eta behiak zaintzen dituzte. 29 bizilagun eta 147 arima
ditu.
Elia: Ia ia bailararen
erdian dago, trokarteak libre uzten duen lautadatxo batean. 11
etxe eta abateak gidatzen duen La Asuncion eliz-parrokia daude
bere baitan. Inguruko lurrek tarte menditsu eta lauak dituzte,
eta kalitate erdikoak dira. Erreka batek bustitzen du herria,
eta harizti bat eta bazkalekuak daude. Garia, garagarra, ardoa
eta bestelako fruituak produzitzen dituzte. Ardi, behi, ahuntz
eta zerriak hazten dituzte. 11 bizilagun dago osotara eta 65 arima.
Erantsus: Herria,
mendizerra baten bizkarrean, iparraldetik hegoaldera sortzen den
muino baten gainetik altxatzen da. Iruñetik Agoitzera doan
errepidetik ezkerretara igotzen da herrira (500 urrats). Iparraldeko
haizeak gogoz inarrosten ditu bazterrak, eta giroa osasungarria
da hantura-gaitzak nahikoa ohikoak badira ere. 9 etxe ditu. Lehenengo
hezkuntzako eskolak Elkano eta Ibirikun daude. La Asuncion eliz-parrokia
abateak zuzentzen du. Hilerria hegoaldera dago, elizaren parean.
Lurra buztintsua da eta ez da guztiz emankorra. Iparekialdeko
mendizerran pinuak ugaltzen dira eta, bidenabar, badira bi ibarbaso.
Ekialdetik pinudiko iturri eta trokartetik ura hartzen duen erreka
iragaiten da. Ibai bazterretara begiei plazerra ematen dieten
zuhaitz mardulak hazten dira. Garia, artoa, patatak, oloa eta
lekaleak produzitzen ditu. Ardiak, zerriak, ahuntzak eta behiak
daude, eta hiriburutik beharrezkoak dituzten produktuak ekartzen
dituzte. Bederatzi bizilagun eta 55 arima dago.
Gorraitz: Mendiz
inguratutako lautada batetan kokatua dago. Eguraldia hotza da.
Eraikuntza arruntezko 5 etxe ditu, kareore eta egurrezkoak. San
Martin eliz-parrokia abateak zuzentzen du, eta honen gastuak herriak
hartzen ditu bere gain. Ermita bat du baita ere. Mendian ezpelak
eta arteak dira nagusi. Herriko lurrak idorrak bezain malkartsuak
dira. Lakorre ibaiak herria gurutzatu eta Orotz eta Muniainen
artean egiten du bat Iratirekin. Kararri harrobiak daude, eta
zelaiak ezin aproposagoak dira ardientzat. Bideak trabesiakoak
dira eta kaskarrak. Garia, oloa, patatak, artoa eta belar onduak
produzitzen dituzte. Behi, ardi, ahuntz eta zerriak hazten dituzte.
5 biztanle ditu eta 31 arima.
Ibiriku: Aldaparen
bat edo beste duen lautada batetan ezarria dago, muino ttiki batetan
dagoen kanposantuaren azpian. Ongi aireztatua dagoenez, ez dio
osasunari kalterik egiten. 17 etxe ditu, eta gehienak sakabanatuak
izanagatik ere, batzuek karrika irregularrak osatzen dituzte.
Herriko 9 mutiko eta neskatila, eta Azpa, Erantsus, Elia, Etxalatz,
Uztarrotz, Egues, Elkano, Sagaseta, Egulbati eta Altzuzako beste
30 ikasle hartzen dituen eskola dauka. Irakaslea, bi urtez, Elkanon
bizi da, eta beste bi urtez, Ibirikun. Irakaslearen dotazioa behin
behinekoa izanik, 1.400 errealekoa da, gutxi gora behera. Herriek
864 erreal ordaintzen dizkiote, eta beste guztia ikasleen artean
ordaintzen dute. San Juan Ebanjelista eliza herriak aukeratutako
abateak zuzentzen du. Mendietan harizti, pinudi eta sastrakak
aurki daitezke. Lurrak lehorrekoak dira, kalitate erdikoak. Dermioaren
barruan bat egiten duten bi errekek gurutzatzen dute, eta batetik
bestera iragaiteko bi zubi ttiki daude. Agoitzera doan bidea berritua
dago, egoera onean. Garia, artoa, oloa, patatak, babarrunak, txitxirioak,
txakolina eta barazkiak produzitzen dira. Ardi eta zerriak hazten
dituzte. Errota dago. 17 bizilagun eta 109 arima ditu.
Olatz Ttipia: Lautadan
altxatzen da, eta lau norabidetara ongi aireztatua dago. Lehenengo
Hezkuntzako eskolara 26-30 haur inguru hurbiltzen da, eta dotazioa
30 gari-anegakoa da. Eliz-parrokia San Pedro Apostoluaren omenez
eraikia dago, eta abatea herriak sostengatzen du. Hilerria hegoalderantz
dago. Dermioaren barruan, ibarbasoak, eraikuntzarako harriak eskuratzen
diren harrobia eta zenbait landa daude. Lurrak lehorrekoak dira,
eta oso emankorrak. Iruñerako bidea eta herribideak egoera
kaskarrean daude. Nafarroako hiriburutik jasotzen dute posta.
Garia, artoa, patatak, ardoa eta lekaleak produzitzen dituzte.
Ardiak, behiak eta mandoak hazten dituzte. 21 bizilagun eta 86
arima ditu.
Sagaseta: Muino
baten mendebaldeko aurpegian dago. Ipar eta hegoaldeko haizeek
indartsu jotzen dute, eta katarro nahiz hanturak eragiten dituzte.
10 etxe ditu. Eskolarik ez dagoenez, haurrak Egueseko eskolara
doaz. Eliza Santa Engraziaren omenez eraikia dago, eta herriak
ordaindutako apaiz bat du buru. Elizaren ondoan hilerria dago.
Mendizerrak ez du ia ia zuhaitzik, eta belardi batzuk bazkaleku
aproposak dira. Egulbatitik jeitsi eta Eguesekoarekin elkartzen
den erreka batek zeharkatzen du herria. Herribideak ez daude kinka
onean. Posta Iruñeatik jasotzen dute. Garia, artoa, oloa,
patatak eta lekaleak ekoizten dituzte, eta behiak eta ardiak hazten
dituzte. 10 bizilagun eta 44 arima dago.
Sarriguren: Lautadan
kokatua dago. Ipar eta hegoaldeko haizeek katarro eta hanturak
sortzen dituzte. 6 etxe ditu, eta abatearen esku dagoen Santa
Engraziko eliz-parrokia. Haurrek Olatz Ttipian ikasten dute. Lurrak
lehorrekoak dira, eta hegoaldetik Argara doan ibai batek gurutzatzen
du herria. Inguruko herrietara zuzentzen diren bideak egoera txarrean
daude. Garia, artoa, patatak, babarrunak, txitxirioak eta bestelako
lekaleak produzitzen dituzte. Zaldi, behi eta ardiak hazten dituzte.
6 bizilagun eta 62 arima ditu.
Uztarrotz: Sakonune
batek babestua, eguraldia epela da Uztarrotzen. 5 etxe ditu. San
Bartolome eliza herriak hornitzen duen apez batek zaintzen du.
Elizaren ondoan kanposantua dago. Haritz eta pinu ugariko mendia
dauka, ibarbaso bat eta bazkaleku onak. Lurra lehorrekoa da, oso
malkartsua, eta Egues ibaian amaitzen den erreka batek zeharkatzen
du. Herribideak hala nola daude, eta bertatik Iruñea-Agoitz
errepidea iragaiten da. Garia, artoa, patatak, oloa eta babarrunak
produzitzen dituzte. Behi, zaldi eta ardiak hazten dituzte. 5
bizilagun eta 26 arima ditu.
*Eguesibarreko Historia, Miguel Larrañaga
-Historia doktorea eta CSIC-eko partaidea-. |