EGUESIBARREKO
HISTORIAREN DATA BATZUK
1-1500 K.a. Garai honetakoa da Elkanon haurkituriko
trapezoide itxurako aizkora leundua. Aurkikuntza
honi esker, esaten ahal dugu gure arbaso euskaldunak orduz geroztik
bertan bizi zirela.
2-75 K.a. Erromako
Pompeio Jeneralak Iruñean ezarri zuen bere kanpamentua,
eta Iruñerriko, eta horiekin batera Eguesibarreko, biztanleen
erromanizazio prozesua indartu zuen. Kolaborazio harremanak adiskidetsuak
izan ziren, eta alde batentzat zein bestearentzat aberasgarriak.
Sarrigurenen keramika eta metal aztarnak aurkitu dira.
3-1032 Antso Handiak
Iruñeko Katedralari bere ondasunak itzuli zizkion, horien
artean Eguesibarreko zenbaitzuk. Esanguratsua da erregeak Iruñeko
Katedralari Atea-ko (Uharte) errotaren erabilera laga egin ziola.
Honek Eguesibarrako nekazaritzak Nafarroako ekonomian zuen garrantzi
ekonomikoaren berri ematen digu. Dirudienez, Nafarroako dinastiaren
hedapenak Eguesibarraren laguntza jaso zuen hasiera hasieratik
(VII. mendetik IX.era), Iruñeko Katedralari utzitako lur
eta eskubideez mintzo den idazkian frogatua gelditzen den bezala.
4-XII. Mende honetan,
izugarrizko esfortzu ekonomiko bati esker, oraindik orain zutik
dirauten erromaniko estiloko 17 eraikin erlijiosoak altxatu ziren.
Modu beretsuan, Donejakue bideak geroz eta erromes gehiago zekartzan,
eta honek ondorio nabarmenak izanen zituen Eguesibarreko etorkizunean.
5-1162-1174. Aragoi
eta Gaztelaren aurkako guda. Hasieran Antso Jakituna garaile atera
bazen ere, laister atzera egin beharrean ikusi zuen bere burua,
eta, denboraldi baterako, Urrotzen babestu egin zen. Iparraldetik
Paris Apezpikua bere jaunaren defentsan etorri zen adoretsu, eta,
azkenean, gatazka bertan behera utziko zuen hitzarmena sinatu
zuten. Hitzarmenaren arabera, Nafarroako erregeak Gaztelan mendean
hartutako guneak itzuliko zituen, eta Gaztelako erresumarekin
lotzen zuen basailutzaz libratu egingo zen. Apezpikuak eskainitako
laguntza dela kausa, erregeak Katedralari Uharteko hainbat ondasun
eman zizkion.
6-1184. Atarrabiak
Iruñeko Forua bereganatu zuen, Villa Nova izena ezarri
ziotelarik (Villava deituraren aurrekaria dena). Honekin batera,
Atarrabia Ibarratik bereiztu egin zen, Donejakue bidearen garrantzia
eta erromes eta merkantzien ugaltzea zirela eta.
7-1192. Eguesibarreko
herriek Atarrabia eta Donejakueko beste hirien moduko foru bateratua
jaso zuten.
8-1233 Ramirok,
Iruñeko Apezpikuak, Antso VII.ari Uharteko gotorlekua eman
zion, Nafarroako monarkiak Iruñeko elizari eskainitako
mesedeak eskertuz.
9-1263. Teobaldo
II.ak zerga-salbuespenak eman zizkion Ibarrari, trukean erregeak
bailaran zuen ondasuna besterenduko ez zela agintzen zuen bitartean.
10-1268. Eguesibarraren
deitura (Valle de Egüés) idatzia azaldu zen estrainekoz
"Rediezmo"-en liburuan.
11.1348. Europatik
zetorren izurriteak hagitz astindu zuen Eguesibarra, eta Nafarroan
gertatu bezala, populazioaren herena hil egin zen.
12.1420. Carlos
III.ak, 4.000 florineko mailegu bat ordaintzeko, Sueskungo Juan
Koxe-ri behin betirako Egues, Elkano eta Olatz Ttipiko jaurerria
eman zion.
13-1423. Carlos
III.ari Valuerrotako errota eman ostean, Uharte erret "coartel"-ak
ordaindu behar izateaz libratu zen.
14- 1512. Eguesibarreko
gurutzabidean zehar Nafarroako errege-erreginak, Juan eta Katalina
Albretekoak, ihes egin beharrean izan ziren Iruñeak Gaztelako
gudarostearen aurrean etsi behar izan zuenean. Kapitulazioak Gaztelak
Erresuma Zaharra mendean hartzea suposatu zuen. Pixkat geroxeago,
1521 urtean, bideak eskaintzen zion segurtasuna zela eta, Nafarroako
erregea berriz Eguesibarrako gurutzabidetik sartu zen galdutako
erresuman. Bestetik, Zisneros kardinalak ateratako dekretu baten
bitartez (1516), Nafarroako jauregi eta gazteluen dorreak moztuarazi
zituzten, eta berriz eraiki zituztenean material hauskorragoekin
egin zuten. Eguesibarrean hala gertatu zen, Elkano eta Ibirikuko
elizek gogora ekartzen digutenaren legera.
15-1547. "1547ko
ordenantzak" indarrean jarri ziren, eta hauen bitartez, ia
ia 300 urtez, 1828ko erreforma heldu arte behinik behin, Ibarreko
herrietako gobernu-sistemak bateratu egin ziren.
16-1558. Espainia
eta Frantziaren arteko gudaren barruan, Nafarroako erregeordeak
Gorraitzko Lanzarot buru zuten Eguesibarreko 80 gizon erreklutatu
zituen, Frantziako gudarostea despistatu asmoz Donibane Lohizune
eraso zezaten.
17-1665. Uharte,
ordura arte Eguesibarrako ekonomia eta administrazioaren bihotza
zena, Ibarratik bereiztu egin zen, Iruñeak 'Villa' izendatu
bezain pronto.
18-1712. Espainiako
koroaren lehian, Anjou-ko Feliperen arerio zen Austriako Carlos-en
gudarosteak Eguesibarra gurutzatu eta arpilatu egin zuen. Hala
eta guztiz ere, soldaduek atzera egin behar izan zuten ibarreko
bolondresak eta 400 "dragoi" Carlosi aurre egiteko asmoz
elkartu zirenean.
19-1813. Napoleonen
gudarosteak, garaituta, Frantziarako bidea hartu zuen eta Eguesibarreko
hainbat herritan txikizioak burutu zituen, Elkanoko Kofradiaren
etxean kasu.
Uharten Frantziako goarnizio bat izan zen bitartean, Napoleonen
ejerzitoak zerga ezarri zien bailarako bizilagunei. Zerga hain
zen handia, ordaintzearren Ibarreko parrokiek zilarra eta urrea
saldu egin behar izan zutela.
20-1829. 1829ko
Udalerrietako Legea. Legeak askatasun handiagoa eman zien udalerriei,
hauek modernoagoak bilakatu ziren, eta bertan behera gelditu ziren
1547ko dekretuak. 1935etik 1945era, berriz, Ibarra gobernatzeko
era aldatu egin zen, hain juxtu herrietako bizilagunek aukeratzen
zituzten Bailarako diputatu eta erregidorearen karguak ezabatu
zituztenean.
21-1833-39. Lehenengo
Gerrate Karlistan, bailararen orografiaz jabetuta, karlistek Iruñea-Agoitz
eta Iparraldearen arteko komunikazioa ekidin nahi izan zuten,
bertan liskar aunitz eraginez. Iparraldea, izan ere, Karlisten
benetazko bihotza zen.
22-1872-76. Lehenengo
Gerran egindakoari jarraiki, liberalen aurkako bigarren gerran
Eguesibarreko bizilagunek Karlisten aldeko hautua egin zuten.
Iruñeko setioan Eguesibarrak berebiziko garrantzia izan
zuen. Mendillorrin hiriburua iparraldetik erasotzeko bateriak
paratu zituzten, eta Burlatan, setiatuen iraganbidea oztopatzeko
nahian, hesiak jarri zituzten. Uharte, Iruñeko setioa zela
eta, Karlisten akoartelamendu orokorra bilakatu zen. 1875eko azaroaren
22an Gorraitz, Altzuza eta Uharteko Miravalleseko Gainan gerraren
azkenetariko liskar bat jazo zen. Eguesibarrako biztanleen konplizitateaz,
zonaldean zebilen karlista talde batek gogor erasotu zion hobeki
hornituagoa zegoen liberalen destakamenduari.
23-1911. Apirilaren
23an Irati trenak lehenengo ibilbidea burutu zuen, horretarako
Eguesibarreko zati bat zeharkatu zuelarik. Trenaren azken zerbitzua
hasi eta 44 urte geroago, 1951ko abenduaren 31an, izan zen. Garai
honetan lehenengo traktoreak agertu eta komunikabideak hobetu
ziren. Ibarrak, nekazaritzaren kaltetan, garapen industrialari
heldu zion.
24-1970. Burlatak
Eguesibarretik bereiztu eta berezko udaletxea sortu zuen, 60ko
hamarkadako "boom" ekonomikoak eta barne migrazioek
eraginda.
25-1975. Altzuzan
Errikotxiki urbanizazioa eraikitzeari ekin zioten.
26-1976. Intermutual
Elkarteak Elkanoko Ubarmin Klinika inauguratu zuen.
27-1991. Mendillorriko
etxebizitzak eraikitzen hasi ziren. Iruñeak, 1998an, Mendillorri
berea egin zuen.
28-1993. Gorraitz
urbanizazioaren eraikuntza hasi zen.
Bibliografia:
-Nafarroako Entziklopedia.
-Nafarroako Monumentu Katalogoa.
-Eguesibarreko Sarrera Historikoa. Xabier Irujo Ametzaga (Historian,
Filologia Hispanikoan eta Filosofian lizentziatua).
-Egueseko Historia, Miguel Larrañaga (Historia Doktore
eta CSIC-eko partaidea).
|