MAPA
FISIKOAK
Eguraldia:
Mediterranear giroko eragina jasotzen duen eguraldi ozeanikoa.
Tenperatura: Neguak
epelak dira eta udak luze eta beroak, tenperatura oszilazio leunekin.
* Urteko batezbesteko tenperatura:
12,3 gradu.
* Hilabete sargoriena: abuztua, batezbeste 20,3 gradu.
* Hilabete hotzena: abendua, -3 eta 18 gradu bitartekoa.
* Batezbesteko tenperatura urtean bost hilabetez soilik jeisten
da 10 gradutik behera.
Prezipitazioak: Aro lehorrik
gabeko eguraldi hezea.
* Urteko batezbesteko prezipitazioak: 1000-1300 mm. inguru.
* Euria gehien jasotzen duten hilabeteak: abendua eta urtarrila,
1.200 mm. baino gehiago batezbeste.
* Sei hilabete hotzenetako batezbesteko prezipitazioak: Urte osoko
prezipitazioen %57,4 eta %62,2 bitartean. Prezipitazioak, halaxe,
erregulartasunez banatzen dira urteko hilabete guztietan.
* Lurrinketa potentziala: 600-700 mm. Honek esan nahi du ur horniketa
bermatua dagoela.
Ezaugarri orokorrak:
* Neguak epelak dira eta udak luze eta beroak, tenperatura oszilazio
leunekin.
* Prezipitazio ugari eta ongi banatuak urte osoan barrena.
* Hezetasun atmosferiko handia, maiz lainoak eragiten dituena.
* Haize indartsuak neguan.
Orografia
Orografikoki, Eguesibarran hiru zonalde ezberdindu daiteke.
Piriniotako Ibarrak:
* Batezbesteko altitudea: 900
m.
* Bizilekuak: Sagaseta, Elia, Egulbati eta Amokain.
Ibarrok Piriniotako paisaiari atxikitutako orografia dute, iparraldetik
hegoaldera begira eta ekialdetik mendebaldera kokatuak dauden
trokarte sakon eta basatietan. Bailararik garrantzitsuenak Egulbati
eta Eliako Errekarena dira. Azken honetatik Lakarri, Egueseko
mendirik altuenaren gailurra (1.046 m.), ikusten ahal da.
Ibarra:
* Batezbesteko altitudea: 510
m.
* Bizilekuak: Altzuza, Azpa, Egues, Elkano, Etxalaz, Erantsus,
Ibiriku eta Uztarrotz.
Piriniotako ibarrak amaitu eta Malkaitz (711 m.), Mendizorrotz
(786 m.), Tangorri (845 m.) eta Sariandi (800 m.) mendiek marrazten
duten lerroraino dagoen zonaldea hartzen du. Ekialdetik Mendebaldera
Urbi ibaiak, Iparraldeko trokarteetako ura biltzen duenak, gurutzatzen
du. Ibarreko paisaia, aldapa guttikoa, Badostaingoaren antzekoa
da.
Badostain eta Ardanatzeko
lautadak:
* Batezbesteko altitudea: 500
m.
* Bizilekuak: Ardanatz, Badostain, Gorraitz, Olatz Ttipia eta
Sarriguren.
Badostain eta Aldabarreneko gainek Arangurengo bailararekin egiten
dute muga. Salbuespenak salbuespen, lurralde laua da. Labore zelaiez
estalita dago nagusiki.
Landaretza
Ibarrako hiru zonalde orografikoen artean ez da ia ezberdintasunik.
Piriniotako Zonaldea:
Egulbati herria trokarte estu eta ibai-arro ospelez osatutako
gune honen barruan aurkituko dugu. Mendi-hegalen altuerak eta
giroaren hezetasunak nahikoa eguraldi goxoa eragiten dute, atlantiar
giroko haritz eta pagoetarako aproposa. Pagoen adaburuen azpiko
itzalaren babesean hazten diren landareekin topo egin dezakegu:
huntza, elorri zuria eta orkideoren bat edo beste. Zelaiak nagusituz
doazen arabera baina, pagoak desagertu eta ibarbasoko espezieak
ageri dira, hala nola ezpela, ote zuria edota txilar zuria, ibarreko
toponimian aski ongi isladatzen den bezalaxe.
Gizakiak, alabaina, behinalako pagadia
ebaki zuen, eta poliki poliki, pinu gorriak, mendi pinuak eta
Larizio pinuak berezko zuhaitzak ordezkatu dituzte.
Bailara: Urbi ibai-arroan
zehar sakabanatzen dira zuhaitz ale bakarrak, gainerako lur eremuak
nekazal hustiaketarako erabiltzen baitituzte. Besteak beste, lizarrak,
ibaiertzetan hazten diren makalak, eta noizbehinka haltza bat
edo beste ikusten ahal da.
Badostaingo Lautada:
Aire korronte bero eta eguzki ordu asko bereganatzen dituenez,
lautadako zolua beste zonaldeetakoa baino idorragoa da. Hezetasun
eskaseko lurretan hobe egokitzen diren zuhaitzak, arteak edo erkametzak
esaterako, ugariak dira. Basoak, beraz, trinkoak dira eta ezpelek,
patxaran sastrakek eta mazustek zaila egiten dute oso bertatik
iragaitea. |