| Udal
plangintzaren idazketaren beharra eta aukera.
Ibarraren antolaketa tresna izanen
den Udal Plangintzaren idazketak bi aukera eskaintzen dizkio gure
udaletxeari. Dena dela, lehenik eta behin, kontuan hartu behar
da bailarak bizilekuetarako eta hirugarren sektorearendako eskaintzen
dituen ezaugarri estrategikoak Iruñerriaren barruan kokatua
egoteari zor dizkiola. Iruñerriko Iparekialde eta Mendebaldeko
zonaldeak industriari zuzenduta daude, Iparraldeko ingurabidearekin
muga egiten duten udalen eskaintzak gainezka egin du, eta Unibertsitate
Publikoak Hegoaldeko lurren garapenerako sortzen dituen arazoak
handiak dira.
Hortaz, bi dira udal plangintzak eskaintzen dituen aukerak. Batetik,
lurraldea ikuspuntu orokor batetik antolatu beharra aurreikusten
da, eta honek, administrazio eta kudeaketaren aldetik, koherentzia
eskatzen du. Antolakuntza orokorra nekez inprobisatu daiteke,
eta huraxe bere baitan hartuko duen tresna baten idazketa lagungarria
izan daiteke, kontraesan eta lokalismoak agerian utziko baititu.
Bestalde, ibarreko etorkizunean konplexurik gabeko berezko ahotsa
izatea beharrezkotzat jotzen dugu, intereseko gaiak gu geu defendatzearren.
Lurralde honek gerora begira dituen itxaropenak, izatez, Iruñerriko
era guztietako azpiegiturak gauzatzearen araberakoak badira ere,
egia da baita ere Iruñerriko udal guztiek prozesu bera
bizi izan dutela, eta gartsuki defendatzen dituzten garapen eta
eskuduntzak Iruñerriaren barruan kokatuta egoteari zor
dizkiotela, hala nola Iruñeko hazkunde eta garapenari.
Honek berebiziko garrantzia izan du Iruñeak mugakide dituen
udalerrien garapenean.
(Udal plangintzatik hartua)
Hirigintza iharduerak aurreikusita
dituzten gunerik azpimarragarrienak
Hirigintzari
dagokionean Eguesibarreko hazkunderik aipagarrienak, batetik,
Elkano-Ibiriku-Egues zonaldean eta, bestetik, Badostain inguruan
aurreikusten dira. Bidenabar, bailararen barruan egonik, Nafarroako
Gobernuaren Udal-Gaindiko Plangintza Sektorialaren esku badago
ere, Sarrigurenen 4.211 etxebizitza bilduko dituen Ekohiriaren
eraikuntza aurreikusten da. Industriarako orubeei dagokienean,
bestalde, hazkunderik bikainenak Olatz eta Egueseko industria-guneetan
emanen dira. Modu argiagoan azaltzearren, hirigintzari lotutako
aldaketak, hala etxabizitzak eraikitzeko nola industriarako, banan
banan aztertuko ditugu segidan.
I. Etxebizitzak helburu dituen zolua:
* SARRIGURENGO EKOHIRIA:
Sarrigurengo Ekohiria Nafarroako Gobernuaren ekimena da, eta Nasursa
izeneko elkarte publikoak kudeatzen du. Iruñeko ekialdean
eraikiko da, eta 1.501.906 metro karratu beteko ditu. Hektarea
bakoitzeko, batezbeste, 29 etxabizitza bilduko ditu. Hiru helburu
nagusi ditu:
1-Nafarroako Gobernuak etxe gabeziaren aurrean hartzen duen konpromezua:
Konstituzioak herritarrei etxabizitza eukitzeko bermatzen dien
eskubidea gauzatzea dugu Nafarroako
Gobernuko Ingurugiro, Lurralde Antolaketa eta Etxabizitza Sailaren
helburu nagusietariko bat.
Lan-ildo honen barruan aurkitzen da hain zuzen ere Sarrigurengo
Ekohiria. Nafarroako Gobernuak etxabizitza eskaintza eskuragarri
eta kalitatezkoa osatu nahi du, gizarte kolektibo handiek etxe
bat eukitzeko dituzten aukera errealak hobetzearren. Ekimenak
Iruñerriko hirigintzaren garapena ahalbidetuko du. Babes
neurri ezberdinen bitartez salneurria kontrolatua egonen da, eta
hiritarrek etxea eskuragarriagoa izanen dute.
BOE, Babes Ofizialeko Etxebizitzak:
2.452 etxebizitza (%58,22).
TSE, Tasaturiko Salneurriko Etxebizitzak: 1.434 etxebizitza (%34,05).
MSLE, Mugatutako Salneurri Libreko Etxebizitzak: 325 etxebizitza
(%7,73).
Ekohiriaren garapena zolu publikoko
lehiaketen bidez aterako da aurrera, Mendillorrin egin zenaren
antzera. 2001 urtean zehar lehenengo etxebizitzak banatzeko lehiaketak
gertatuko dira.
2-Berrikuntza arkitektonikoak eta
hirigintza bioklimatikoa
Nafarroako Gobernuak, azken bolada honetan, irizpide bioklimatikoak
aintzat hartu izan ditu zolu publikoa nori eman erabakitzeko tenorean.
Sarrigurengo Ekohiriarekin Foru Administrazioak arkitekturaren
printzipioak eta hirigintza bioklimatikoarenak oinarri
izanen dituen esperientzia pilotua sustatu nahi du:
-Energia aurreztu,
-energia berriztagarriak bateratu, eta
-"eraikuntza osasungarria"-ren printzipioak ezarri.
Eraikuntza bioklimatikoa inguruarekiko
errespetu eta konpromezu berezian oinarritzen da, eta honek energiaren
erabilera sostengarria suposatzen du. Finean, eraikuntza bioklimatikoa
etxeak irizpide ekologikoen arabera eraikitzean datza.
3-Sarrigurengo Ekohiria operazio
pilotu gisa
Sarrigurengo Ekohiriak, gure ekosistemaren
aberastasuna sendotzeaz gain, Nafarroak teknologia berrien alorrean,
ingurugiroa eta bizitza kalitatea ardatz duten teknologietan,
erdietsi duen maila indartzera lagunduko du.
Nasursak, Nafarroako Gobernuaren
elkarte publikoak, proiektua kudeatuko du. Egoki deritzonean fase
bakoitzeko eraikitze lanak aukeratzeko lehiaketak deituko ditu,
eta babestutako etxebizitzen eskaintzetan bete beharreko baldintzak
argitara emanen ditu. 2001tik 2006ra aurreikusitako 4.211 etxabizitzak
eraikiko dira.
*ELKANO-IBIRIKU-EGUES GUNEA
Hiru kontzeju hauen zoluek egitura
berezia erakusten dute. Herriaren arabera, zoluak erabilera ezberdina
(etxebizitzak edota industrigunea) izango du. Hiru garapen gune
zehaztu dira, eta honako kapituloari bi hauek dagozkio:
I. AR-1 (etxebizitza gunea): Orubearen
gutxi gora-beherako hedadura 267.505 m2koa da. Guztira 321 etxe
eraikitzea espero da, eta dentsitatea 12 bizilagun hektarea bakoitzeko
izanen da.
II. AR-3 (gune mistoa, etxabizitzak
eta industriak): Zonalde honetan etxebizitzen eraikuntza, oraintxe,
bi enpresa biltzen dituen industrialdearen zabalkuntzarekin uztartuko
da. Azalera 223.388 m2koa da. Horietarik, 40.000 industrigunerako
bideratuko dira, eta beste guztiak 165 etxebizitza eraikitzeko.
Dena dela, uneotan etxebizitzendako aurreikusitako lur-zatia handitzeko
aukera aztertzen dihardute, zabalkuntza industrialaren kaltetan.
*BADOSTAINGO KONTZEJUA
Badostainen 171.983 metro karratuko
azalera duen zolua urbanizatu daiteke. Aurretik erabaki denaren
arabera, 171 etxebizitza eraikiko dira osotara. Maizetan etxabizitza
gune berriak trinkoak eta espezifikoak dira, baina hau ez da Badostaingo
kasua. Eraikuntza berriek egungo herrigunearekin bat eginen dute.
*BESTE KONTZEJUAK
Egueseko Kontzeju gehienetan
herriguneak zabalduko dituzte, baina hemen aipatu ditugun plangintzetan
ez bezala, herrietako berezko hazkundearen ondorioz gertatuko
da. Hortaz, aldaketak neurri ttikiagokoak izanen dira. Eguesibarreko
Udaletxean publikoak eskura duen plangintzak herri guzti hauek
biltzen ditu baita ere
II. Industria eta Merkataritzari bideratutako
zolua:
*OLATZ
TTIPIKO INDUSTRIALDEA:
Olatz Ttipian etxebizitzak eraikitzeko
zolurik ez badago ere, gune industriala zabaltzeko aukera zabalik
dago. Zehatzago esateko, bailararen hazkunde demografiko eta ekonomikoa
direla kausa, bertan ezarri nahiko luketen enpresek 145.313 m2ko
zolua dute eskura.
*EGUESEKO INDUSTRIALDEA:
Egueseko industrialdearen zabalkuntzak
AR-2 izen teknikoa jasotzen du (industri-gunea). Industrialde
honek inguruarekiko errespetua bereziki zainduko du. Industri
nabeak berdeak izanen dira, eta 252.889 m2ko hedadura duen lursail
batetan altxatuko dira. Jada eraikita dauden lantokien eta NA-150
Iruñea-Agoitz errepidearen artean libre gelditzen den orubean
ezarriko dira enpresa berriak.
*SARRIGURENGO MERKATARITZA
GUNEAK:
Sarrigurengo Ekohiriak merkataritza
eta industriarako guneak eskainiko ditu baita ere. Etxabeek proiektuari
30.000 m2 erantsiko dizkiote. Hauei, "berrikuntza kuboak"
izeneko guneetan eraiki daitezkeen 6.000 metroak gehituko zaizkie.
Nahiz eta aurreko bi guneak merkataritzari bideratuak dauden,
Sarrigurengo "Aukera Guneak" izakera industrialagoa
dauka. Ekialdeko ingurabidetik haratago hedatzen da, 125.587 metro
karratu hartzen dituelarik. Iruñeko gertutasuna, hiriburutik
hurbiltzeko erraztasuna, eta inguruko populazio-guneen tamaina
direla eta, enpresa aunitzek hemen ezartzea erabakiko dutelakoan
gaude.
(Edozein informaziorako edota hementxe ageri diren datuak osatzeko,
argibideak Ibarreko udaletxean eskatu daitezke, tfnoa. 948-33
16 11)
|