06 urtarrilak 2009
  Hasiera
Orrialde nagusia
  Ibarra
Geografia
Historia
Ibilaldi birtuala
  Udala
Udaleko antolakuntza
  Negozioak
Industria
Merkataritza
  Turismoa eta asialdia
Ostatuak
Bazkari eta afariak
  Iragarki ofizialak
Berriak
Iragarki ofizialak
Jarduerak, agenda
  Harremanak eta helbideak
Harremanak, iradokizunak
 
 
EHIZA

Eguesibarrak 53,3 kilometro karratuko azalera hartzen du eta antigoaletik bertako biztanleek bailaran bizi diren espezie ezberdinak ehizatu dituzte. Paisaia oso anitza izaki -alde handiak topa daitezke, sastrakadiz estalitako muino leun eta labore soroetatik, baso hertsiez estalitako sakan harritsuetara- espezie zinegetiko aunitz egokitu dira bertan.

Arrantza, aitzitik, zertxobait murriztuagoa dago, Egues ibaia ornitzen duten errekastoek urte osoan zehar beren emaria bermatzeko adina ur ez dutelako. Dena dela, Arga ibaitik oso gertu aurkitzen da Eguesibarra eta bere ibilguan barreiatuta arrantza-barruti ugari aurki ditzakegu.

EGUESIBARREKO KIROL EHIZTARIEN ELKARTEA
Gaur egun, zonaldeko iharduera zinegetikoa arautua dago. Nafarroako Gobernuko lege eta arauez landara, Eguesibarreko Kirol Ehiztarien Elkarteak ere eskumenak baditu arlo honetan. 1992-az geroztik da horrela, urte honetan Eguesibarreko Ehiza Mankomunitateak aipatutako elkarteari hamar urterako ehiza-eskubideak laga baitzizkion. 100 bazkide baino gehiago biltzen dituen elkarte honek Eguesibarreko barrutian ehizatzeko baimenak emateaz gainera, espezie bakoitza, denboraldi barruan, ze egunetan ehizatu daitekeen zehazten du beste zeregin batzuren artean.

Elkartekidea izateko zenbait baldintza bete behar dira halabeharrez:

* Bailarako edozein herrian erroldatua dagoen pertsona orok eskubidea
dauka ehiza lizentzia eskatzeko.
* Nahiz eta gaur egun Eguesibarren erroldaturik ez egon, bailaran
jaiotakoek edota bailaran jaiotako norbaitekin ezkondutakoek eskubidea
dute txartela eskuratzeko.

Baldintza hauek zabaltzeko aukera aztertzen dihardute, txartelak eskatzerik ez duten bailarako berezko seme-alabek elkartean sartzeko aukera izan dezaten.
Eskuarki, abuztuaren lehen edo bigarren astean Eguesibarreko Kirol Ehiztarien Elkarteak lizentzien banaketari ekiten dio. Betiere, aurretik 16.000 pezetako kuota ordaindu behar dute urtero.

EHIZAREN LURRALDEA
Eguesibarreko Kirol Ehiztarien Elkarteak kudeatzen duen ehiza-barrutia ez du inolaz ere bailara osoa hartzen, bere izenak bestelakorik iradokitzen badu ere. Izan ere, Erantsus eta Amokaingo jaurerriak esparru honetatik kanpo daude, ehiza barruti pribatuak baitira hauek. Gainera, ez Olatzen ez eta Gorraitzen ere ez dago ehiza eremurik, ia osorik urbanizaturik baitaude bi herri hauek. Guztira, Eguesibarreko ehiza-eremuak 3.983 hektarietako azalera hartzen du eta bailarako hamabi kontzejuren lursail pribatu zein herrikoak inguratzen ditu, jabe pribatuek eta kontzejuek emandako ehiza-eskubideei esker.

Iparreko zonalde menditsuaren paisaia mugakide diren Pirinioetako aranen antzekoa da (labore lurrak eta baratzak erreken ondoan, pinu gorriez estalitako baso argiak, berritutako basoak, sastrakadi eta mendi-hegaletan abandonaturiko lursailak). Iruñerriko paisaiaren berezitasunak aurkituko ditugu gainerakoan: laborantza soroak eta sastrakadiak aldapa leuneko zonaldetan eta pinudiz berritutako basoa Malkaitzen.

ESPEZIEAK
Eguesibarreko ehiza hegaztietara mugatzen da batipat. Horrek ez du esan nahi ohiko basurde-uxaldiak antolatzen ez direnik edota erbi eta untxirik ehiztatzen ez denik. Nafarroako Gobernuak finkatzen du gehienera zenbat pieza hil daitezkeen, ehiztari kopuruaren arabera eta Ehiza eta Arrantza saileko teknikariek burutzen duten espezie bakoitzeko indibiduoen zenbaketak isurtzen dituen emaitzen arabera.

OILAGORRA (SCOLOPAX RUSTICOLA)
Kategoria: Ehiza xehea
Ehiza denboraldia: urriaren 15tik urtarrilaren 28ra arte*.
Espeziearen deskribapen laburra:
Oilagorrak hanka motz eta sendoak ditu eta 34 zentimetroko luzera izan ohi du.

Bere mokoa luze eta zuzena da eta burua nahikoa handia dauka, begiak -handiak eta ilun kolorekoak- zertxobait atzeratuta dituelarik. Oilagorraren lumajea gaztaina-kolorekoa da, beltz, grisa eta gorrixka koloreko ziliporta modukoak tartekatzen direlarik. Babesa eta jatekorik ematen dioten basoetan bizi da. Detektatzeko zailak dira zuhaitzek eskaintzen dieten itzalen artean. Gainera, egunean zehar izkutuan egoten dira. Penintsula osoan zehar barreiatuta dago espezie hau eta ehiztarien artean nahikoa preziatua da.

GALEPERRA (COTURNIX COTURNIX)
Kategoria: Ehiza xehea
Ehiza denboraldia: Abuztuaren 13tik irailaren 17ra arte*. Epe horri, eper gorria ehizatzeko barruti bakoitzak aukeratzen dituen egunak gehitu behar zaizkio.
Espeziearen deskribapen laburra:
Galeperra faisaien familiakoa da. Gorputz potxolo samarra dauka, luzeran 20 zentimetro ingurukoa.

Espezie migratzailea izanik, ehiza garaia umaldira mugatuta dago. Galeperra oso hegazti arrunta izan da duela ez asko arte, baina ehizak bere kopurua murriztu egin du, zenbaitetan bere desagerketa ia erabatekoa izan delarik, Erresuma Batuan esate baterako, non ia ia ezinezkoa den hegazti hau aurkitzea. Galeperraren ehiza-debelkaldia "ertaina" da eta ehiztariek jakin badakite ale-kopurua eguraldiaren (batik bat udaberri amaierakoa) araberakoa izanen dela, hala nola urteko uztaren araberakoa, zerealen artean habia ipini ohi duelako.

EPER GORRIA (ALECTORIS RUFA)
Kategoria: Ehiza xehea
Ehiza denboraldia: Azaroaren 1etik urtarrilaren 28ra*.
Espeziearen deskribapen laburra:
Eguesibarren ehizatzen den eper arrunta edo eper gorria faisaien familiakoa da. Bere itxurari dagokionean, esaten ahal dugu bai buztana eta bai mokoa zertxobait motzak dituela bere gorputzaren lodierarekin alderatuz gero.

Baso eta mendi-mazela harritsuetan aurkitzen dituen haziak jaten ditu, horiexek baitira gustokoen dituen bizilekuak. Seguraski, eper gorriaren elikadurak bere mokoaren tamaina txikia azaltzen du. Bere hegoak biribilak dira eta oso gihartsuak. Hori dela eta, ehiztariek lurzoruan ezustekoan harrapatzen dituztenean, abiadura handiz hegaka ateratzen ahal dira. Alabaina, lurzoruan laisterka egitea nahiago dute eta inoiz ez dute distantzia handiegirik hegaz egiten.

Penintsulan oso arrunta den hegazti honek balio zinegetiko handia dauka. Horregatik, Ingalaterran berriz sartu zuten Europako hego-ekialdetik hartutako hegaztiak eramanez.

USOA (COLUMBA LIVIA Y COLUMBA PALUMBUS)
Kategoria: Ehiza xehea
Ehiza denboraldia: Urriaren 1etik abenduaren 8ra pagausoa (pasa garaian eta usategietan). Abuztuaren 13tik urtarrilaren 28ra* (ehiza modalitateen arabera)
Espeziearen deskribapen laburra:
Hegazti familia honen barruan, haitz-usoaren ondorengoa den pagausoa (columba palumbus) dugu espezierik ezagunena. Espezie biak Eguesibarreko ehiza-barrutian aurki ditzakegu eta bi modutan ehizatu daitezke: hegaztiak eraikiz edota barrutian paratutako usategietatik tiro eginez.

Itxurari dagokionean, usoak 33 zentimetroko luzera dauka, gorputz sendoa, hanka motzak eta buru txikia. Gorputz-enbor guztia estaltzen duen lumajea gris-urdinska da eta hegaletan orban ilunak agertzen ditu. Usoaren bularra purpura-kolorekoa da eta sabelaldea urdinska. Lumaje guztia leuna eta diztiratsua da.

Usoa hegazti migratzailea da eta aintzinatik ugalketa-lurraldeetara joaterakoan edota handik itzultzerakoan ehizatu dute. Distantzia handiak egiteko gaitasuna dauka eta bere hegaldia nahikoa azkarra da. Usoek urruma egitean ateratzen duten hotsa oso adierazgarria da.

BASURDEA (SUS SCROFA)
Kategoria: Ehiza larria
Ehiza denboraldia: Irailaren 3tik urtarrilaren 28ra, ostegun, larunbat eta igandeetan.
Espeziearen deskribapen laburra:
Ehiza larriaren barruan, zerbidoekin batera, animalirik azpimarragarriena da. Basurdeak harrapatzeko uxaldiak antolatzen dira. Nafarroako Gobernuak ezarritako arauei jarraiki, gutxienez lau eskopeta izan behar dira uxaldi bat antolatu ahal izateko.

Ar heldu batek 90 zentimetro eta 1,2 metro bitarteko altuera izan dezake eta erraz asko 100 kilotik gorako pisua izaten ahal du. Basurdearen ilajea, nagusiki, marroi ilun kolorekoa da, motza eta iletsua. Zurda kizkurrak agertzen ditu bizkarrean gandor moduko bat osatuz. Hagin garatu samarrak ditu (30 zentimetrora hel daitezke), bere burua defendatu eta lurra aztakatzeko erabiltzen dituenak, erraboila eta sustraien bila dabilenean. Basurdea gautarra eta orojalea da. Egun argian atsedena hartzeko ohitura dauka basoetan izkutatuta. Eskuarki talde txikitan bizi dira eta basurde-kumeak denbora luzez amaren babespean egoten dira. Ohikoa da hortaz, ehiztariek basurde-kume zenbait beren amarekin batera harrapatzea.

UNTXIA (ORYCTOLAGUS CUNICULUS)
Kategoria: Ehiza xehea
Ehiza denboraldia: Azaroaren 1etik urtarrilaren 28ra*.
Espeziearen deskribapen laburra:
Ile leun oparoaz estalitako ugaztun txikitxoak dira untxiak. Belarri handiak dituzte eta oso buztan motza. Taldekoiak dira eta lur azpian zulatutako gordelekuetan bizi dira.

Untxiek koloniak osatzen dituzte eta makina bat irteera duten tunel korapilatsuetan barrena mugitzen dira.

Ugaltzeko gaitasun handia daukate eta kumaldiak oso ugariak dira (sei kumetik hamarrera). Ilerik gabe jaiotzen dira begiak itxita dituztela. Urteko lau-zortzi kumaldi izan ditzakete eta sortzen direnetik sei hilabetera kumeak ugaltzeko prest dira. Untxien jatuntasuna dela eta, aunitzetan segika ibili zaizkie labore eta soroetan eragiten dituzten kalteengatik.

Animalia hau gautarra da eta ehizarako piezen artean ohikoenetako bat izan da betidanik. Untxiari lotuta antigoaleko ehiza modu aunitz aurkituko ditugu, hudoak erabiliz egiten dena esate baterako, egun debakaturik dagoena.

ERBIA (LEPUS CAPENSIS)
Kategoria: Ehiza xehea
Ehiza denboraldia: Azaroaren 1etik urtarrilaren 28ra*.
Espeziearen deskribapen laburra:
Untxia baino zertxobait handiagoa izan ohi da erbia. Grisa, txuri edo gaztain koloreko ilajea du.

Korrikan untxia baino azkarragoa da, lur zabalean 70 kilometro orduko abiadura lor dezakelarik. Bere ahaidea ez bezala, ez du gizarte ohiturarik eta ez ditu gordelekuak zulatzen. Hostotzan egiten du lo edota lurran egindako zulo txikietan. Bost eta hamar kilo bitarteko pisua dauka eta belarrak jaten ditu soilik. Elikatzeko belar aski dagoen tokietan bizi dira, baldin eta inguruetan babeslekutzat erabiliko dituzten sastrakadi oparoak badaude.

Eskerrak On Francisco Esquiroz, Eguesibarreko Kirol Ehiztarien Elkarteko lehendakariari.

* Hemen agertzen diren egutegiak, Nafarroako Gobernuak emandako generikoak dira. Ehizan ibiltzea baimenduta dauden egun konkretuak Eguesibarreko Ehiztarien Elkarteak finkatzen ditu.

     
Golf
 
Kirol Eskolak  
Triathlon Kluba  
Futbol Kluba  
Arku-tiroa  
Kiroldegia  
Ehiza  
 
© Eguesibar 2009 - egues@animsa.es