|
Arku-tiro txapelketa Azpako Runa klubeko instalazioetan
Runa Arku-Tiro Kluba
1993. urtean Runa Arku-Tiro Kluba sortu zen. Arkulariak esperientziadun
kirolariak ziren zegoeneko, aurretik beste tiro klubetan arituak
baitziren. Ordutik, kluba dexente handitu da. 10 bazkidek sortu
zuten eta orain 56 lagun dira arku eta gezien artean punteria
zorrozten dabiltzanak. Klubaren instalazioak Azpako Kontzejuan
(Eguesibar) daude lekututa. Instalazioek tiro-olinpikorako zelaia
eta erabilera-anitzeko areto bat hartzen dituzte.
Kategoria ezberdinetan Nafarroako txapelketa zenbait eskuratu
izana da meriturik azpimarragarriena palmaresari buruz mintzatzen
hasita, munduko zein estatuko txapelketetan lortutako sailkapen
bikainak ahaztu gabe:
Espainiako Txapelketa irabazi zuen Mª Carmen Rubio
selekzio paralinpikoan parte hartzeko deitu zuten munduko azken
Arku-Tiro txapelketan, Espainiako ordezkari gisa.
Iñaki Auza. Valdepeñas 2000 Espainiako
txapelketako banakako round-ean zazpigarrena sailkatu zen. Nafarroako
taldeak bostgarren lekuan bukatu zuen txapelketa.
1999ko Atari Zabaleko Espainiako Txapelketan, Javier
Senosiainek urrezko domina irabazi zuen 90 metroko distantzian.
Nafarroako hainbat txapelketa absolutu irabazi dute klubeko
kirolariek.
Arku-tiroaren historia
Historialariek diotenez, duela 25.000 urte inguru hasi ziren
arkua, ehiza edota gerrarako, erabiltzen. Jasota geratu da egiptoarrek
orain direla 5.000 urte erabiltzen zutela arkua. Beste faktore
batzuren artean, arma honi zor diote egiptoarrek orduko nagusitasun
militarra. Arkua, edonolakoa izanda ere, aintzinaroko kultura
ia guztietara zabaldu zen.
Mendebaldeko sistema militarretan zuen garrantzi eta pisuak,
1588. urtean Espainia eta Ingalaterra aurrez aurre jarri zituen
Armada Garaitezinaren borrokaldira arte iraun zuen. Guda honek
bolboraren nagusitasunaren hasiera suposatu zuen, hala nola arku
eta gezien gainbehera, tiratzaile ingelesek su-armak erabiliz
erraz asko suntsitu baitzuten Espainiako armada, zeinak jaurtiketa
ahalmena betiko arkularien esku ipini baitzuen. Oraindik orain,
Afrika Erdialdean eta Hegoamerikan badira zenbait leinu arkua
erabiltzen jarraitzen dutenak, bai arrantza eta ehizan bai eta
euren arteko liskarrak konpontzeko ere.
Arku-tiroa kirol amateur gisara aspalditik ezagutzen da, batik
bat Ingalaterran. Arku-tiro txapelketarik aintzinakoena "Acient
Scorton Arrow" izenarekin ezagutzen da. Bere jatorria 1763.
urtean kokatzen da Yorkshiren eta etenik gabe burutu (eta burutzen)
da gaur egun arte.
1900. urtean Joku Olinpikoetan sartu zuten lehen aldiz, 1904
eta 1908 urteetako olinpiadetan esperientzia errepikatu zelarik.
1920. urtean, azken aldiz ikusteko aukera izan zen, 52 urte beranduago
kirol olinpikoa bezala berriz onartu zuten arte Municheko jokoetan
(1972). Orduan, gizonezkoak eta emakumezkoak lehiatu ziren. Hogei
urte beranduago, zenbait berrikuntza gehitu zizkioten arku-tiro
txapelketen gaineko interesa zaletuen artean handitzearen kariaz.
Banakako aprobetan 64 arkulari bildu eta batera lehiatzen dira
finalerako sailkatzeko helburua hartuta. Nazioarteko Arku Federazioko
arauen arabera, puntuazio hoberena lortzen dutenak finalera pasatu
eta domina olinpikoa lortzeko lehian arituko dira. |