06 urtarrilak 2009
  Hasiera
Orrialde nagusia
  Ibarra
Geografia
Historia
Ibilaldi birtuala
  Udala
Udaleko antolakuntza
  Negozioak
Industria
Merkataritza
  Turismoa eta asialdia
Ostatuak
Bazkari eta afariak
  Iragarki ofizialak
Berriak
Iragarki ofizialak
Jarduerak, agenda
  Harremanak eta helbideak
Harremanak, iradokizunak
 
 
FUTBOL KLUBA
 

Eguesibarreko Futbol Klubaren aintzinako argazkia, Higa de Monrealeko finalean. Zutik, ezkerrean, egungo lehendakari-orde Miguel Echarte eta lehendakari Miguel Angel Orbaiz ikus ditzakegu. Erdian, belaunika, Ignacio Ripodas, egungo idazkaria, aurkitzen da.

Eguesibarreko Kirol Klubaren historia laburra  
Igoeren egutegia  
Egungo plantila  

FAMILIA HANDIA
85/86 denboraldian, Pedro Barandallak Egues hirugarren mailara goratu zuenetik, bailarako taldea aipatu kategoriako klasiko bat bilakatu da. Adierazgarria da esate baterako, 92/93 denboraldian Eguesek lortu zuen emaitza -Bigarren B Mailarako igoera fasea jokatzeko sailkatu zen-, klubako kirol mugarritzat hartua izan dena. Honaino heltzeko ordea, hainbat jazoera ezagutu ditu taldeak. 1955. urtera egin beharko genuke atzera, Eguesen historia orduan hasi baitzen. Garaikoak dira, alegia, lehendabiziko jokalariak, zeinak River Urbi izeneko taldearen kamisetak zeramatzaten soinean. Udako txapelketetan eta lehiaketa amateurretan aritzen ziren, egun bizirik dagoen Higa de Monrealeko torneoan esate baterako. Servilio Latasa, duela gutxi zendu den herriko apaizak, lehendabiziko kamisetak erosi zituen gaztetxoak zelaiunera behar bezala atera zitezen. Ia mende erdia igaro da ordutik, baina ordurako klub handiek halako oiartzuna zuten, kamisetak FC Bartzelonakoak baitziren. 1968. urtean, Egues taldea egun ezagutzen dugun modura antolatu zuten. Gaurko buruzagien ibilbideari erreparatuz gero, Klubaren izaera hobeki zehaztuko dugu: Egues sortu zuen lagun-talde ia berberak jarraitzen baitu egun zuzendaritza postuetan. Hauei jokalari ohiak gehituz joan zaizkie denborak aurrera egin ahala. Miguel Angel Orbaiz, Miguel Echarte, Ignacio Ripodas, Javier Echarte, Juan Carlos Ripodas, Alfonso Villanueva, Miguel Angel Echalecu, Valentin Orbaiz, Miguel Arizcuren, Enrique Orbaiz, Jesus Artazcoz, Jesus Orbaiz, Justo Murillo eta Jesus Gorraizek agerikoa ez den lana burutzen dute gaur egun.

Denbora guzti honetan, 500 jokalari baino gehiagok jantzi dute Eguesen elastikoa eta guztiek Nafarroa osoan maitatua eta errespetatua den taldea sortzen lagundu dute. Aurkariek nolabaiteko mirespena diote, lorpen handia baita taldea horrenbeste urtez kategoria berdinean mantentzea. Gainera, kategoria nazionalean talde bat daukan herririk txikiena da Egues biztanle kopuruari dagokionean; hori dela eta, begirunea zor zaio.

GORA BEGIRA
1972. urtean, zuzendaritzak taldea federatzea erabaki zuenean, Bigarren Maila Erregionalean jokatzen hasi zen. Zortzi urteko "lapsus" baten ondotik, Luis Otiñano, Osasunako jokalari ohiak bere jakinduria teknikoa Eguesen mesedera jarri eta sailkapeneko lehen postura igo zuen taldea. Otiñano aulkian zelarik, Eguesek kategoriaz aldatzea lortu zuen Preferentera igoz. Eguesen tamainako herri txiki batean, futbola modu berezian bizitzen da eta hori dela eta, bai biztanlegoak eta bai zuzendaritzak, ahalegin handiak egiten dituzte taldearen alde. Azpimarratzekoa da Miguel Angel Orbaizen iharduera klubaren presidente gisa, nahiz eta behin eta berriz azpimarratzen duen berea talde-lana dela. Nafarroako talde guztien artean, zuzendaritza lanetan urte gehien eman dituena da Miguel Angel Orbaiz: guztira, 22 denboraldi. Zenbaitetan besteetan baino arrakasta gehiago lortu badu ere, badago azpimarratzekoa den datu bat: taldea ez da inoiz kategoriaz jeitsi.

Bigarren Maila Erregionaletik Lehenengora igo zen 70ko hamarkadaren hondarrean. Bi urtez izan ziren bertan, 80ko hamarkadan Preferentera igotzea lortu zuten arte. Kategoria horretan bost denboraldi eman ondoren, Hirugarren Maila erdietsi zuten azkenik, eta hamalau urtetan mailari eutsi ere. Gerora Osasunako jokalariak izanen ziren Miguel Aranguren eta Miguel Angel Echalecu eta elastiko urdina jantzita denboraldi gehien -14 urte- jokatu zituen Ignacio Sierra igoeraren protagonistak izan genituen.

70ko hamarkadaren hasiera horretan bailarako gazte asko zebilen taldean jokatzen. Hala Lehen maila erregionalean nola Bigarrenean bertako ordezkaritza ehuneko ehunekoa zen. Preferentera igo eta errepide-sarea hobetu zenean, distantziak gutxitu egin ziren eta kanpoko jokalarien etorrera hasi zen, giro ona eta futbola agintzen zituen taldearen bila. Ordutik, beste klubetan arituak izan diren futbolariekin hornitzen da, alegia, hiriburutik gertu aurkitzen den klub batean euren kirol ibilbideari amaiera eman nahi diotenekin. Besteak beste, Ignacio Fanlo, taldearen egungo entrenatzailea, Antonio Bustingorri, Iñaki Tapia, Jose Mari Vidaurreta edota Jesus Maria Gorriti izan ditugu horren adibide. Bailarako herrietako hainbat jokalarien parte hartzea ere oso garrantzitsua izan da klubaren ibilbidea marrazteko tenorean. Horren lekuko ditugu Echalecu, Echeverria eta Villanueva anaiak, Miguel Echarte, Juan Carlos Ripodas eta beste hainbat jokalari.

AZKEN HAMARKADA
92/93 denboraldia amaitu zenean, Goyo Burillo taldera itzuli zen Txuma Marton ordezkatuz. Taldea Bigarren B Mailarako igoera fasea jokatzetik zetorren estraineko aldiz. Bigarren sailkatu zen, gero igoera ezagutuko zuen Uteboren atzetik eta puntu bakar batera. Eguesek inoiz egindako kanpainarik arrakastatsuenari amaiera eman zitzaion horrela. Ilun samarra suertatu zen hurrengo denboraldia amaituta, Peña Sport uztetik zetorren Txuma Martonek taldearen ardura bere gain hartu zuen berriz ere. Iruñeko entrenatzailea indarberriturik heldu zen, behintzat, bi urte lehenago burututako Liga errepikatzeko adina indarrarekin. 1994/95 denboraldian aldaketa aunitz izan ziren klubaren baitan, Nafarroako ia talde guztiek abiatutako gazteagotze politikari heldu baitzion Eguesek ere. Hurrengo denboraldietan, zenbait jokalarik kluba utzi eta Osasunan hasi ziren, horien artean, Patxi Larraza, Mikel Costanilla eta Patxi Puñal. Hori bai, ez dugu Javier Beorlegui ahaztu behar, Eguesetik atera eta kamiseta gorria jantzi zuen azken promesa.
Jokalari hauek, klubari ospea eman zioten, baina ez ziren bakarrak izan. Hortxe ditugu besteak beste Vicente Leandro eta Miguel Angel Pavon, egun taldeko teknikari gisa aritzen diren jokalari ohiak. Hamarkadaren erdialdera Ignacio Fanlok jokatzeari utzi zion eta aurrelari izatetik Txumaren laguntzaile izatera pasatu zen entrenatzaileen aulkian. Agintzearen edota joku-sistemak azaltzearen lanari ekin zion, 1997/98 denboraldian taldearen ardura bere gain hartu zuen arte. Egun, leku berean jarraitzen du Fanlok.

KLUBAREN ORAINA ETA GEROA
Eguesek San Martingo futbolzelaian jokatzen ditu liga partiduak. Zelaia txikia izaki, 92x58 metrokoa, jokalariek euren ariketa teknikoak murriztuak ikusten dituzte. Alabaina, berdegunea oso egoera onean aurkitzen da. Denborarekin, Nafarroako Hirugarren Mailako futbolzelai klasiko horietariko batean bilakatu da. Duela bi urte, Eguesek bere azpiegitura berritu zuen denboraldiari ekiteko. Klubak aldagelen kaseta handitu egin zuen, epaile hirukoteari gela zabalago bat paratu zitzaion eta jokalarien aldagelen altuera goratu egin zuten. Zenbait hilabete lehenago, bankiloak estreinatu ziren eta neguan estalki bat paratu zen zaletuak hotzatik gordetzeko. Ordura arte, instalazioen mantenimendu gastuak agintari eta zaletuen poltsikoetatik betetzen ziren. Guzti horri, ohiko urdaiazpiko zozketatik ateratako dirua gehitu behar zitzaion, hala nola kontzeju eta zonaldeko enpresen subentzio eta laguntzak.

1999/2000 denboraldian ordea, Egues K.E.-k eta Eguesibarreko Udalak elkarlana sakondu egin zuten. Lehen emaitza klubaren izen aldaketa izan zen: Eguesibarreko K.E. Halaber, 2000/2001 denboraldian lehiatzen hasiko den futbol eskola sortu zen. Bestalde, udal-zelai berriak egitea aurreikusita dago bailara eta klubaren mesederako.

     
Golf
 
Kirol Eskolak  
Triathlon Kluba  
Futbol Kluba  
Arku-tiroa  
Kiroldegia  
Ehiza  
 
© Eguesibar 2009 - egues@animsa.es