• Luzera: 13 kilometro.
  • Desnibela: 410 metro.
  • Denbora: 4,5 ordu.
  • Zailtasuna: Ertaina.
  • Elementu interesgarriak:  Elkanoko eliza, Sagasetako eliza, Ibirikuko San Joan Bataiatzailearen eliza, Egulbatiko Jaurerria, pinu gorriko eta pinu larizioko pinudiak.

Sekulako ikuspegiak ditu, hala hegoaldera, Eguesibarrera, nola iparraldera, Esteribarrera. Egun argietan, gainera, ikuspegi zoragarria dago Pirinioetarantz.

Horrez gain, ibilbidea ederra eta aberatsa da paisaiaren nahiz ingurumenaren aldetik, gure ibilian alorrak, bazkalekuak eta larreak ikusiko baititugu, bai eta pinudiak ere, hala larizio pinukoak nola pinu gorrikoak (izugarri ongi kontserbaturik) Egulbatiko Jaurerrian.

Elkanotik abiatu, NA-2374 errepidea hartu eta Sagasetara iritsiko gara. Gero, Erbaluz mendiko magalean goiti doan hormigoizko pistari heldu eta, bazkaleku eta larreen artean, 728,5 metroko altueran dagoen bidegurutzea joko dugu.

Eskuinaldetik iparrerantz doan pistan sarturik, Egulbatiko pinudietan barneratu, eta pinuen artetik ateratzean, sekulako ikuspegiak izanen ditugu hegoalderantz. Handik 400 metro ingurura, berriro pinudian sartu eta, poliki-poliki, 855 metroko mendi-lepo txiki batera ailegatuko gara. Ederrak dira benetan ikuspegiak hala hegoalderantz (Eguesibar) nola Esteribar alderantz.

Ondotik, ekialderantz joz, pixkanaka, 915 metroko garaierara iritsiko gara, Gero, hegoalderantz, soilguneetaraino (uren banalerroa); halako batean, ikuspegi zoragarria agertuko zaigu ekialderantz, Pirinioak bere ederrean ikusiko baititugu. Honaino, 400 metroko desnibela gainditu dugu.

Aurrera egin, bidegurutze batera iritsi, hego-mendebaldera doan pista hartu, dena Eliako pinudien artean, poliki-poliki igo, eta 925 metroko kotara ailegatuko gara.

Toki horretara iritsita, pinudien artean etengabe jaitsi eta, Ibirikuko lurretan, basotik aterako gara. Gero, are gehiago jaitsi, Akarregiko bidera iritsi, eta Ibiriku joko dugu. Ibirikutik Elkanora, NA-2374 errepidean barna joanen gara.

Erlazionatutako