Eliza XIII. mendekoa da, 1588an aldatua. Oinplano laukizuzena du, eta hiru tarte desberdin gehi burualde zuzena.

Eliz gibelean, badago aparkaleku irisgarriago bat. Herriaren irteeratik joan beharra dago, Etxalatz aldera.

Ibirikuko biztanleek, Elkanoko eta Egueskoekin batera, urtero, San Pedro Martiria ohoratzeko ohitura berritzen dute, apirilaren azken igandean, duela 500 urtetik baino gehiagotik hona. Izan ere, jendea babes-eskean joan zen santuarengana, izurrite batek alorrak hondatu ondoren.

Ibirikuko San Joan Bataiatzailearen eliza bi arkitektura-estilori jarraiki egina da. Ibarreko beste eliza aunitzetan bezala, Ibirikukoan ere agerian dira hasierako elizaren eta berrikuntzaren arteko ezberdintasunak. Eliza XIII. mendean eraiki zen, eta berrikuntza, berriz XVI. mendekoa da, Migel Altunakoa maisuak zuzendutakoa. Maisuak, 1588 inguruan, tasazioaren 2.200 dukatak eskatu zituen.

Nabeak hiru tarte ditu, egikera ezberdinekoak dira,  hirurak ere Erdi Arokoak. Alboetako kaperak eta burualdea, berriz, XVI. mendeko berrikuntzan egin zituzten.

Elizaren kanpoaldean ederki ageri dira berrikuntza-lanetan erabili diren material ezberdinak. Multzoari ikusgarritasun pixka bat kentzen badiote ere, eraikuntza-fase ezberdinen adibide on-ona dira.

GAUZARIK INTERESGARRIENAK

  • Korua 1545ekoa da, arku beheratuaren gainean, nerbiodura gotikoak
  • XVI. mendeko gurutziltzatu errenazentista
  • Erretaula nagusia manierista da, XVII
  • Bataiarriko ontzia hiru zatitan banatua dago
  • Hilarri grabatua
  • Ur bedeinkatuko harria, 1707koa, karratua, oso bitxia.
  • Bi sagrario, barrokoa eta XIX. mendekoa
  • XVII. mendeko mihisea
  • Kaliza, zilarrezko kopoia, krisma-ontziak… guztiak XIX. mendekoak
  • Ekisaindua eta erlikia-ontzia metalezkoak, berantiarrak
  • Apezpiku baten tailua, XVIII. mendekoa

Galdua da 1568ko parrokia-gurutzea

Barnealdean, elizaren maketa on bat dago, auzokideren batek egina izan litekeena.