Uztarrotz

UstárrozIruñetik 13 kilometrora dago Uztarrotz; lehendabizi kilometro bat egin behar da herri-mailako errepide batean zehar eta, gero, Iruñea eta Agoitz lotzen dituen NA-150 errepidetik segitu.

Uztarrotzeko ingurune fisikoan nekazaritza-lurrak dira nagusi, eta bertan zereala lantzen da bereziki. Lur horiek mendi bizkarretan zehar hedatzen dira, zuhaitz gune txiki batzuez inguraturik, eta inguruan dauden mendi txikietara hurbiltzen diren heinean zuhaitz gune horiek ugarituz doaz.

Uztarrotz izena 1280an ageri da, bilauek Erreinuarekin zuten zorraren harira, errege-titulartasuneko jaurerria baitzen eta zergak ardo, gari, garagar eta olotan ordaindu beharra baitzuten biztanleek.

1835-1845eko udal erreformak egin ziren arte, ibarreko diputatuak eta errejidoreak gobernatzen zuten (azken hori Uztarrotzeko biztanleek hautatua). Halaber, oraindik ere XIX. mendearen erdialdean apaiza aurkezteko eskubidea zuten herritarrek.

Bertako jauregia erreinuko nomina ofizialean ageri da, armategi-kabu jauregi gisa. Jabeak (1597an Caparrosoko Antonio Marcilla) erreinuko ogasunetik 20.000 marabediko errentak jasotzeko eskubidea zuen, eta abantaila hori oinordetzan hartu zuten gero haren semeak eta bilobak. Kontuen Ganberaren datuen arabera, 1723an Conde de la Rosa zen jauregiaren jabea. Armategi-liburuan ageri denez, XVI. mendean jauregiko armarriaren goiko zatia gorria zen eta urrezko hiru soluete zituen.

Uztarrotzeko parrokia-eliza Erdi Arokoa da (XII. mendeko eskemak segitzen ditu), baina XVI. mendean zehar aldaketa handiak sufritu zituen. Uztarrotz herriak abuztuaren 24an ospatzen ditu jaiak, San Bartolome zaindariaren omenez.

(Iturria: Enciclopedia de Navarra eta Eguesibarreko Udal Plana).

 

I