Sarriguren

Etimologikoki euskal toponimo bat da Sarriguren, “sarri” (sasiarte) eta “guren” (eder) hitzez osatua; beraz, hau esan nahi du: “sasiarte ederra”. Jada 1213. urteko dokumentuetan ageri da leku izen hau. Alabaina, gizakiaren presentzia gutxienez erromatarren garaikoa da, ikerkuntza arkeologikoetan aurkitutako aztarnarik zaharrenak garai hartakoak baitira: hainbat zeramika arrasto eta metalezko lanabesak, hain zuzen.

Jada Erdi Aroan zehar Sarriguren herrixka txiki bat zen, eta bere izena dokumentu idatzietan ageri da XIII. mendearen hasieratik, bertan jasotako informazioa oso eskasa bada ere. XIV. mendearen erdialdean, 1366an, hiribilduak 3 su edo etxe zituen, nekazarienak. Herrian kapare bat ere bizi zen. Herrian dagoen harrizko dorre handia kapare-familia horren jabetzakoa izan zen agian.

Antza denez, XV. mendekoak dira herritar-erkidegoko harreman sozialak arautzen zituzten ordenantza batzuk, gero XVI. mendean berrituak. Testu horri esker dakigu nola antolatzen ziren eta nola bizi ziren. Herriguneko biztanleak udalbatzan biltzen ziren, batzarretan, kontuak kudeatzeko. Epaimahaiak zuen agintaritza gorena eta berari zegokion biztanleen arteko auzietan esku hartzea, ohitura onak zaintzen zirela bermatzea, errege eta kontzeju zergak kobratzea eta kudeatzea, eta ordenantzak zaindu eta betearaztea. Garai honetan ekonomiaren oinarria nekazaritza eta abeltzaintza ziren funtsean. Halaber, ordenantzetan aipatzen denez, iturri bat zegoen herrian, eta biztanleek bertatik hartzen zuten ura. Ez dago zalantzarik, iturri hori urbanizazio berriko obrak egiterakoan aurkitutako iturri bera da, gaur egun zaharberrituta dagoena.

Bertako pasaia zerealez estalitako ordoki leun eta zabalek osatzen dute, eta Elomendi mendiaren garaierak menperatzen du ingurua. Sarrigureneko habitat ekologikoaren kontserbazio-maila bikaina dela-eta, Nafarroako hiriburutik gertu egotearekin batera, eko-hiri berritzaile hau eraikitzeko herrigune perfektua da Sarriguren. Hiria eraikitzerakoan ingurumena zaintzeko jarraitu beharreko irizpideen arteko bat herrigunea urbanizazio berri honen bizitza sozialaren erdigune bilakatzea da.

Herriko parrokia XIII. mendekoa da eta Santa Engraziaren izenpeko egin zuten. Garai berean eraikitako Erdi Aroko estiloko beste batzuen antzekoa da, eta nabe laukizuzen bat du, hiru atalez osatua; garai batean zirkulu-erdi formako ganga batez estalia egon zen ziur aski, baina orain estalki lau batek ordezkatu du hura. Barrualdea argitzen duen leiho gotiko interesgarri bat dago oraindik ere bertan, eta egurrezko korua ere badago. Santa Engrazia apirilaren 16an bada ere, herriko jaiak ekaineko bigarren asteburuan ospatzen dira.

Sarrigureneko biztanleria aldatuz joan da historian zehar: 1646an sortu zenean 5 etxe zituen; 1786an, berriz, 50 biztanle pasatxo; eta 1800. urtean 53, 12 etxetan banatuta. XIX. mendea aurreratua zela, 1858 eta 1877 artean, Sarrigurenek eko-hiria sortu aurretik izan duen inoizko demografia-mailarik altuena izan zuen: 80 biztanle. Hortik aurrera populazioa jaisten hasi zen, eta XX. mendearen lehendabiziko urteetan (1910ean) oraindik ere 66 biztanle bazituen ere, 20ko hamarkadan bat-bateko beherakada bat gertatu zen eta 20 biztanle baino gutxiagorekin gelditu zen herria. Ordutik 60ko hamarkadara arte, susperraldi arin bat izan zen (hamarkada horretan 36 biztanle ziren 9 etxetan banatuta), baina gero 2000. urtean beherakada jasan zuen berriz ere, 10 biztanlerekin geldituz.

Sarriguren eko-hiriaren erronka benetako eko-erkidego bat bihurtzea da; bizilekuak, ekonomia jardueretarako zonaldeak, ekipamenduak eta espazio publikoak modu orekatuan izango dituen erkidego bat; kalitate handiko azpiegiturez eta ingurumena errespetatzen duten azpiegiturez osatutako benetako eko-hiri ‘burutsu’ bat. Honako elementu eta toki hauek osatuko lukete aipatutako hiri hau: Sarrigureneko bizilekurako zonaldeek (berriki eraiki direnak), Sarrigureneko Berrikuntzaren parkeak eta etorkizuneko garapenek. Horrela, erabilera-mota desberdinen alde egiten duen herrigune bat sortuko da, plazen, kaleen, bulebarren eta lorategien edo parke txikien alde egiten duen herrigune bat, horiexek baitira hiri-bilbearen oinarrizko elementuak. Halaber, hiri hau diseinu bateratuaren eta arkitektura eta paisaia zaintzearen aldekoa izango da, eta inguruan sortuko diren kalitate handiko bizileku garapenen alde ere egingo du. Gaur egun 13.057biztanle daude erroldaturik.

(Iturria: Sarrigurengo Kontzejuko presidentea, Enciclopedia de Navarra eta Eguesibarreko Udal Plana).