Erantsus

Erantsus herrira iristeko NA-150 errepidea hartu behar da. Gaur egun ia erabat hutsik dago herria, soilik 14 biztanle baitaude bertan erroldaturik. Baina ez da beti hala izan, antzina jaurerri izan baitzen, hain zuzen ere XIX. mendean berritze administratiboa egin zen arte. Hain justu garai hartan, 1887an, izan zuen inoizko biztanle kopururik handiena, 75 biztanle.

Antzina errege-jaurgo izan zenez, bertako onibarrak jabe batetik bestera pasatuz joan ziren, harik eta 1467an Leonor printzesak jabetza Ojer de Egurbideri eman zion arte. Elizak ere Orreagako Andre Mariaren bitartez lortutako zenbait onibarren gaineko jabetza izan zuen bertan, XIII. mendean.

Dokumentuetan jasota dago, adibidez, 1847an Iruñetik jasotzen zuela posta, ibarreko postariaren bitartez, eta bertan bizi ziren haurrak Elkanoko eskolara joan behar izaten zutela.

Jauregia, ibarreko beste jaurerri batzuen kasuan bezala (Egulbatikoa, esaterako), armategi-kabu jauregia zen Erreinuko nomina ofizialean, eta 1513ko diruzainaren zerrendan ageri zenez, bertako jauntxoa kuartelen zerga ordaintzetik salbuetsita zegoen. Gaur egun kontserbazio egoera kaxkarrean dago, Ibarreko Udal Planaren arabera. Baina horrek ez du esan nahi zaharberritze egoki bat eginda ezingo denik bere aberastasuna berreskuratu. XVI. mendeko gazteluko armarria gorria zen, urrezko hamabi billetez inguratua; jadanik garai hartan Erantsusen zegoen leinua antzinatik zetorren seinale. Esate baterako: 1275ean Roldán Périz de Eransus Eloko gazteluko alkaide zen, eta Martin Ferrandiz de Eransusek bere ardurapean zuen Orraegiko gotorlekua.

(Iturria: Enciclopedia de Navarra eta Eguesibarreko Udal Plana).