Elkano

Nafarroako erdialdean dago Elkano, Iruñerrian hain zuzen. Eguesibarraren erdigune geografikoan, itsasoaren mailatik 505 bat metrora eta Iruñetik 10 bat kilometrora.Elcano

XVII. mendean eta XIX. mendearen hasieran populazioa egonkor mantendu zen. Biztanleek beren nekazaritza lanetan segitu izana da segur aski horren arrazoia, horrek landa-eremuan geratzera behartzen baitzituen biztanleak. Esan liteke 1960 arte biztanleriak nabarmen egin zuela behera. Nekazariek hiriburura jo zuten beren lurren etekin eskasaren ondorioz. 1970ean, ordea, populazioaren gorakada izugarria gertatu zen. Arrazoia sinplea da: urte horretan bertan Doloretako Andre Mariaren Mirabeak eskola zabaldu zuten, eta adimen urritasuna zuten 60-80 neska inguru eraman zituzten bertara.

Era berean, 1975. urtean populazioak nabarmen egin zuen gora, Leku-Eder urbanizazioa eraikitzearen ondorioz. Gaur egun ere biztanleriak hazten segitzen du, herrian bertan zein urbanizazioan txalet berriak eraikitzen ari baitira etengabe.

Gaur egun 202 biztanle ditu Elkanok: 81 gizon eta 121 emakume.

Arteari dagokionez, parrokia-eliza da eraikinik aipagarriena. Estilo gotikokoa da, eta XV. mendearen bukaeran edo XVI. mendearen hasieran eraiki zen. Gaur egun Garbikuntzaren parrokia izenaz da ezaguna; izan ere, bertako erretaula nagusiak eszena hori biltzen du: tenplura bidean ageri da Jesus, gurasoek garbikuntzaren erritu judutarra egitera eramaten dutela.

Garai batean Elkanon bi ermita zeuden, Santa Mariarena eta Santa Eufemiarena. Eliztarrak prozesioan joaten ziren ermita horietara urteko egun jakin batzuetan. Biztanleek ekaineko azkenaurreko asteburuan ospatzen dituzte jaiak, Arrosarioko Ama Birjinaren omenez.

Baina Elkanori buruzko deskribapen oso bat egiteko, Ubarmin Klinika aipatu beharra dago ezinbestean. Nafarroako Osasun Zerbitzuaren menpeko zentro hau traumatologia eta errehabilitazio arlotan espezializatua dago, eta egunero-egunero Nafarroako gaixo ugari joaten dira bertara.

(Iturria: Elkanoko Kontzejuko presidentea, Enciclopedia de Navarra eta Eguesibarreko Udal Plana).