Badoztain

Berriki eztanda demografikoa izan duten Eguesibarreko herriak alde batera utzita, Badoztain da tradizioz biztanle gehien dituena; gaur egun 342 biztanle daude erroldatuta. Ibarraren hegoaldean dago, eta Iruñetik 5 kilometrora (lehenengo NA-2302 zeharkatuta eta gero ekialdeko ingurabidetik egin behar da distantzia hori).

Badoztain inguruko pasaia laua da nagusiki, garaiune txiki batzuez inguratuta dagoen arren. 1974an lur-zatien bateratzea egin zen, lur-zatien kopurua 174ra mugatzeko, eta horri esker herriko zereal-nekazaritza sustatu egin zen bereziki.

Bisitariak adeitsuki eta alaiki hartzen dituen herri bat da. Jaiak irailaren 29an dira berez, bertako San Miguel zaindariaren omenez, baina iraileko lehendabiziko asteburuan ospatzen dituzte. Santu horri eskainia dago, hain zuzen, herriko parrokia, XII. mendekoa, Eguesibarreko eliza zaharrenetariko bat. Bertan Miguel de Espinal artista emankorraren lan aipagarri bat dago: elizako erretaula nagusia. Baina eliza hau ez da kontzejuan dagoen erlijio-eraikin bakarra, herriko muino baten gainean Ama Birjinaren ermita baitago (XIII. mendekoa), besteak beste.

Diogunez, erlijio-eraikin ugari daude bertan; izan ere, Eguesibar eskualde osoan elizak eragin eta ondasun handiak izan zituen, eta Badoztainen are nabariagoa da hori. Garai batean errege-jaurgoa izan zenez, jada 1041ean Andre Mariari eskainitako monasterio bat zegoen bertan. Jabeak, García presbiteroak, Donemiliaga Kukullako abadiari eman zion monasterioa. Dena dela, monasterio hori ez da herrian onibarrak dituen bakarra. Aitzitik garai hartako dokumentuetan ageri denez, Luis infanteak, erreinuko gobernadoreak, 1364an leku honek ematen zituen errenten gaineko eskubideak eman zizkion Orreagako Andre Maria monasterioari. Leireko abadiak ere Badoztaingo lursail bat jaso zuen Landazabal monasterioaren eskutik, eta ondoren eliza bat eta jauregi bat eraiki zituen bertan. Ezin dugu zerrenda hau amaitu Jerusalengo San Joan ordenaren inguruko aipamenik egin gabe, 1181. urte inguruan herri honetan ondasunak bereganatu baitzituen.

Garai berriagoetara etorrita, 1850 aldean, Badoztainek eskola propioa izan zuen, eta 2.782 erreal ematen zizkion herriak eskolari –Nafarroa osoan landa-eskoletara bideratzen zen kopururik handiena–. Landu zitezkeen lur ugari ere bazituen (2.700 erregu-lur, uzta hirutan ematen zituztenak). Hain zuzen ere, Badoztaingo lursailen kalitate bikaina da herrian nekazaritza-jarduerak gaur egun arte mantendu izanaren faktoreetako bat.

(Iturria: Badoztaingo Kontzejuko presidentea, Enciclopedia Navarra eta Eguesibarreko Udal Plana).