2007an izendatu zuten Paisaia Babestu, Kontzejuak eskaturik, eta herriko dermio osoa barnebiltzen du, baita herrigunea ere. Landa giroko herri txiki bat da, xarmanta, ongi mantendua, eta Iruñea ondoko herri txikiei mehatxu egiten zieten hazkunde neurrigabeetatik babesturik iraun duena; Gorraitzen eta Sarrigurenen, adibidez, gertatu ez dena. Lakarri mendira igotzeko abialekua da; hots, Iruñerriko kaskorik garaienera.

Inguruan oihana da nagusi, pinu gorria gehienbat, ederki zabaltzen ari baita mendeetan nekazaritzak hartutako alor abandonatuetan. Era berean, ametz ilaundunez eta hegoaldeko arteez osaturiko bazterrak leheneratzen ari dira, bai eta makalak eta lizarrak nagusi dituen ibaiertzeko basoa ere.  Interes handiko gune txikiak ere baditu, hala nola belardi naturalak, zuhaixka-orlak, behe-sasi arantzadunak eta eremu heze txikiak; guztien artean, interes natural handiko mosaiko ederra osatzen dute.

Inguru honetan bizirik dirauen abeltzaintza estentsiboa kudeaketa tresna gisa erabiltzen da eremu irekiak mantentzeko.

Eliako herrigunean, inguru honetako eta Egulbatiko Interpretazio Zentroa dago.