INDUSKETA ARKEOLOGIKOAK SARRIGURENGO HERRI ZAHARREAN

uztaila 11, 2014

Web orri honetan jakinarazi genuen moduan, joan den ekainaren 12an prospekzio arkeologikoak egiten hasi ziren Sarrigurengo herri zaharrean, hain zuzen ere, Santa Engrazia parrokiaren inguruan, eta jada zundaketa lan horiek amaitzear daude. Sarrigurengo herri zaharraren urbanizazio lanei ekin aurretik egin beharreko lan horien helburu nagusia hau izan da: eliza zaharra erabili ahal izateko azpiegiturez hornitzea.

32 hilobi

Elizaren inguruan, ohi bezala, parrokiako hilerria zegoen. 32 hilobi aurkitu dira bertan, eta esan liteke XIII eta XVIII. mende artekoak direla. Guztiak erritu kristauaren arabera daude lurperatuta, E-M orientazioarekin. Aipatu beharra dago erritu hori jatorriz erromatarra dela eta erromatarrek orientazio jakin horretan ehorzten zituztela hildakoak eguzkiaren irteera ikus zezaten.

Hilobi ganberak

Hilobi ganberei dagokienez, oro har, eta bereziki Erdi Aroko lurperaketen kasuan (XIII-XV), harrizko zistez osatuta daude; eta aro garaikidean, berriz, hobi arruntak edo hilkutxak erabiltzen ziren.

Zistak harrizko bloke irregularrez osatuta daude, eta gehienek harlauzekin egindako estalkiak dituzte; baina kasu bakar batzuetan harlauza monolitikoz egindako estalkiak ere agertu dira.

Kasu askotan nabari da hobiak behin baino gehiagotan erabili zituztela, eta horrez gain, lurperatze maila desberdinak erabiltzen zituztela ere ikusi da, garai hartan hilobietarako eremua beteta zegoen seinale. Baina hori ohikoa zen mota honetako nekropolietan, hilerriak urte luzez erabiltzen baitziren. Bestalde, hobiak ez daude lerrokatze jakin batean kokatuta eta hilerrian ez dago definitutako kalerik; aitzitik, apenas dago leku hutsik. Ulertzekoa da, beraz, hobi zaharrak berrerabiltzen hasi izana.

Deigarria da indusketa lanetan gazte ugariren gorpuak aurkitu izana. Ziur asko garai hartan eremu hori adingabeak lurperatzeko erabiliko zen; izan ere, nekropolien ezaugarri ezaguna da hilerrietako eremu jakin batzuetan nagusiki gazteen gorpuak lurperatzea, eta ezaugarri hori ondoko herrietako beste hilerri batzuetan ikertu da jada, besteak beste: Beriaingo San Esteban hilerrian edo Arizkoako nekropolisean, Elon.

Hatuetako elementuak

Oso hatu gutxi aurkitu dira, baina hori ere ohikoa da estilo honetako Erdi Aroko nekropolien kasuan. Hauek dira aurkitu diren objektu bakarrak: arrosario bat eta beirazko orez egindako aledun bi lepoko.

Azkenik, aipatzekoa da disko formako bi hilarri aurkitu direla antzinako eliz atarian, euskarri gisa jarrita. Bi hilarriak leheneratu eta erakusketa batean jarriko dira.


<< atzera